Hamalau dantzari Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa Nagusian
Gipuzkoar erako Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa Nagusia izango da jokoan Hondarribiko Itsas Etxean igandean (hilaren 22an), 12:00etatik aurrera.
Mikel Esnaola lezoarra izan zen iazko irabazlea.Gipuzkoako EDB Gipuzkoar erako Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa Nagusia izango da jokoan Hondarribiko Itsas Etxean igandean (hilaren 22an). 12:00etatik aurrera, izena emana duten hamalau dantzariek bi dantzaldi egin beharko dituzte: lehena Aurkez aurke do desafioa da, eta hurrena soinu zaharren barruko hiruren artean aukeratu beharko du lehiakide bakoitzak, Betronio handia, Ehun dukat, edo Graziana; lehen bi saio horietatik hoberen sailkatzen diren seiek finalerako txartela lortuko dute, eta azken fase horretan Zortzikoa dantzatu beharko dute.
Txapelketa Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatu dute.
Honakoa da hamalau dantzarien zerrenda:
- Garazi Oiartzabal Irazu (Zizurkil)
- Mikel Esnaola Lopez (Lezo)
- Clara Larrañaga Letamendia (Villabona)
- Irati Olaizola Goñi (Legazpi)
- Izadi Urbano Gorosabel (Villabona)
- Naroa Sanchez Rodriguez (Legazpi)
- Amaia Azpeitia Osinalde (Legazpi)
- Mattin Etxebeste Sanzberro (Oiartzun)
- Danel Castillo Arbona (Pasai Donibane)
- Jon Alberdi Garde (Legazpi)
- Mairi Maya Castaño (Errenteria-Orereta)
- Eider Carballo Zabalo (Legazpi)
- Ihintza Erauskin Lizarazu (Lezo)
- Amaiur Tejeria Larrarte (Zizurkil)
2018tik parte hartzen dute emakumeek eta gizonek elkarrekin Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusian. Aurretik, gizonek euren txapelketa egiten zuten (1981ean hasi ziren), eta geroago emakumeen lehiarekin hasi ziren, Soinu Zahar Txapelketa (1999tik). 2018an, ordea, txapelketa bateratua egiten hasi ziren Ordizian, eta 2020ko pandemia urtearen ondoren 2021tik antolatzen da Hondarribian.
Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusiaren zazpi urteetan Oarsoaldeko dantzariak izan dira garaile beti: Katerin Artola oiartzuarra 2018ko, 2019ko eta 2021eko txapelketetan; Mattin Etxebeste, hura ere oiartzuarra, 2022ko eta 2024ko lehietan; eta Mikel Esnaola lezoarra 2023ko eta 2025ko (iazko) ekitaldietan.
Igandeko lehian bai Etxebeste zein Esnaola izango dira, beraz, haien arteko txapelen berdinketa hausteko aukera izango dute baldin eta irabazten badute, eta gainera, Katerin Artolaren (epaile lanak egingo ditu) garaipen kopurura heltzeko aukera ere izango dute. Dantzari guztien lana Jose Luis Vallejo, Katerin Artola, eta Nahikari Vizuete epaileek neurtuko dute.
VIII. Aurresku Txapelketa Nagusiaren irabazleak Tomas Murua sari berezia jasoko du, eta urtebetez utziko du ordezkatzen duen herriko udaletxean; sari hori hiru urtez jarraian, edo bostetan txandaka irabazten bada, saria behin betiko geldituko litzateke herri artan. Garaileak, gainera, Hondarribiko Udalaren oroigarria, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarena, eta 400 euro jasoko ditu.
Bigarren sailkatuak garaikurra eta 300 euro egingo ditu bere; hirugarrenak trofeoa eta 200 euro. 4-5-6 postuetan sailkatu direnei 100 euro emango dizkiete; finaleko azken saiorako sailkatu ez direnek 80na euro jasoko dituzte.

