Familiek pediatriako larrialdiak noiz irekiko zain jarraitzen dute
2025eko abenduan onartutako mozioaren berririk ez dutela jaso salatu dute; elkartea azaroko udal osoko bilkurara aurkeztuko da.
Haurren Munduko Egunaren harira, Bidasoko Pediatriako Larrialdietako elkarteak salatu du pediatria larrialdietako zerbitzua itxi zutenetik ez dutela erantzunik jaso. “Irungo Udalak ez du behar besteko informaziorik eman, eta ez du 2025eko abenduan onartutako mozioarren jarraipen egokirik egin”. 19 hilabete pasa dira, eta gaur egun oraindik ez dakite noiz berreskuratuko duten zerbitzua.
“Ez dugu konponbiderantz egindako aurrerapauso zehatzik edo emaitzarik ezagutzen”, azaldu du elkarteak. Urte honetan, onartutako erabakien egoerari buruzko informazioa eskatu dute, baina ez dute beharrezkotzat jotzen erantzunik eta jakinarazpenik jaso ez izana. “Ez digute Osakidetzarekin eta Osasun Sailarekin egindako bileren berri eman. Guk bilera horietan ateratako ondorioak eta zerbitzua berreskuratzeko aurreikuspenak zeintzuk diren jakin nahi dugu”.
Zer egin du udalak mozio hura onartu zuenetik? Zer erantzun jaso ditu? Zer urrats egiteko asmoa du?. Galdera horien erantzuna bildu nahian dabiltza Bidasoko familiak, oraindik ez baitute erantzunik jaso. Erantzuna jaso ezean, azaroko osoko bilkurara aurkeztuko direla iragarri du elkarteak berreskuratzeari buruzko azalpenak eskatzeko. “Ez dugu nahi mozioak onartu eta gero horiek ahaztea. Konpromisoa, jarraipena, gardentasuna eta epe zehatzak nahi ditugu”, adierazi dute.
Osasun arloko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren esku egon arren, udala seinalatu dute: “Uste dugu udalak bere herritarren osasun beharrak modu aktiboan defendatu behar dituela, eta onartutako erabakien jarraipena egin behar duela”. Bidasoko ospitaleko zerbitzu bat berreskuratzea ez dela pribilegio bat azaldu dute, “gure seme-alaben osasunak ezin du gehiago itxaron”.
Zerbitzua berreskuratu arte borrokan jarraituko dutela hitzeman dute. “Gure seme-alaben bizitza eta osasuna garrantzitsuegiak dira erantzunik gabe itxaroten jarraitzeko. Haurren eskubideak defendatzea osasun arreta egokia bermatzea ere bada”.

