Biok Txingudik bolada onean jarraitzen du
Azken minutuan eskuratu du Uribealdearen aurkako garaipena (15-14); Zaisa Txingudik, berriz, irabazi ezinik jarraitzen du denboraldi honetan.
Biok Txingudik azken bi partida irabazita, jokoari eta sentsazio onei jarraipena eman die asteburu honetan Plaiaundin jokatutako norgehiagokan. Pasa den asteburuan denboraldiko lehenengo lau puntuak eskuratu zituen Hernaniri irabazita. Larunbatean, Uribealdearen bisita izan zuten Plaiaundin eta azken minutuan lortu zuten garaipena, 15-14.
Bosgarren jardunaldia ezin hobeto hasi zuten Txingudikoek, eta lehenengo zatian markagailua alde edukitzea lortu zuten. Atsedenaldiaren ostean, bizkaitarrek lortutako entseguari esker markagailuari buelta eman zioten, 10-14. Etxeko taldeak ez zuen amore eman eta partida amaitzeko bost minutu falta zirenean garaipena lortzeko entsegua lortu zuten. Garaipen honekin zazpigarrenak dira, eta hirugarren garaipena lortzen ahaleginduko dira Logroñon, hilaren 28an.
Zaisa Txingudik, berriz, ez du denboraldia nahi bezala hasi. Lehenengo garaipena lortu ezinik jarraitzen dute, eta egun, sailkapeneko azkenak dira. Asteburu honetan, Iruñearen aurka jokatu zuten Plaiaundin, baina ezin izan zuten garaipena eskuratu (17-45).
Partida hasieran aurreko partidetako itxura aldatzea lortu zuten Txingudikoek, eta hasieratik markagailuan aurre hartu zieten nafarrei, 12-0. Lehenengo zatiaren bigarren erdian, Iruñeko taldeak susperraldia izan zuen eta atsedenaldira markagailuan aurretik ipini ziren. Bigarren zatiaren hasieran, etxeko taldeak markagailuko aldea murriztea lortu zuen, baina izandako susperraldia ez zen nahikoa izan. Nafarrek nagusitasun fisikoa baliatu zuten Plaiaunditik puntuak lortzeko.
Porrotaz gainera, partidak albiste mingarria izan zuen: Aitor Asurmendiren lesioa. Datorren asteburuan ez dute partidarik izango, eta hemendik bi astetara, hilaren 29an, Zornotzan jokatuko dute Urgozoren aurka. Ikusteke dago partida horretan bolada txarra eteten duten, eta denboraldiko lehen puntuak lortzen dituzten.
Euskadiko lehenengo mailako txartelak, eskura
16 eta 18 urtez azpiko taldeek Getxon jokatu zituzten Euskadiko ligako partidak, 5-41 eta 0-34, hurrenez hurren. Bi taldeek garaipen sendoak lortu zituzten bizkaitarren aurka. 16 urtez azpiko taldea laugarrena da, eta garaipen honi esker lehenengo mailako txapelketarako sailkapenetik gertu daude. 18 urtez azpikoak sailkapeneko bigarrenak dira. Datorren partidak hilaren 28an izango dituzte Uribealdearen aurka.

