Abian da Ondartza futbol zelaiko obrak lizitatzeko prozesua
Istorio amaigabea dirudi Ondartza futbol zelaiarena. Azkenean, obra prozesua abiatu du udalak, 1.221.829 euroko lizitazio aurrekontuarekin.
Ondartza futbol zelaiak asko eman du hitz egiteko aurten. Alde batetik, Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldea aurreko denboraldian mailaz igo zelako, baina gehienbat udal politikariek presio tresna moduan erabili dutelako. Hainbatetan errepikatu da medio honetan EAJk Madrilen akordio berezi bat lortu zuela, Hondarribiko hondartza eremuko lurrak Eusko Jaurlaritzaren eskumenetara pasatzeko. Horrek ahalbidetzen du Ondartza futbol zelaia berritzea, udalak Eusko Jaurlaritzaren onespena dauka eta.
Hori bera iragarri du udalak: Ondartza futbol zelaia berritzeko obren kontratazioa abiatuko duela. Obren lizitazio prozesua abiatu dute, eta enpresek abenduaren 14ra arte izango dute haien eskaintzak aurkezteko.Udalak iragarri du lizitazio aurrekontua 1.221.829 eurokoa dela.
Ez da soilik belarra aldatuko. Argiteria eta ureztatze sistemak ere berritu egingo dira, eta horrez gain, drainatze sisteman lanketa sakona egin beharko dute. Azken finean, drainatzen sistemak euri ura jasotzen du, eta hori bera beharrezkoa da ingurumen kontrol egokia bermatzeko, udalaren ustez.
Urte askoz eskatu du Hondarribia Futbol Elkarteak aldaketa hori, haien ustez beharrezkoa baitzen zelaiaren egoera kaskarra zela eta. “Hondarribiko herritarrek eta, bereziki, Hondarribia Futbol Elkarteak urte luzez egindako eskaerari erantzuteko beste urrats garrantzitsu bat da. Ondo dakigu Hondartza futbol-zelaia zeinen garrantzitsua den herriko kirolarientzat eta egunero instalazioak erabiltzen dituzten ehunka pertsonentzat”, adierazi du Igor Enparan Araneta alkateak.

