A25ean kalera ateratzeko deia egin du Itaiak
Urtero legez, elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan, 19:00etan; larunbat honetan, hilak 21, Palmera Monteron proiekzioa eta solasaldia antolatuko dute, 17:30ean.
Bidasoko Itaiak A25eko egitarauaren berri eman du. Urtero legez, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean kaleak hartzeko deia egin dute. Elkarretaratzea San Juan plazan egingo dute datorren asteazkenean, hilak 25, 19:00etan. “Emakume langileon zeregina da egunerokotasunean gure aurkako jarrera eta jokabide matxista guztiak identifikatu eta borrokatzea, eta indarkeria matxista desnormalizatzen jarraitzea”, adierazi dute.
Asteazkeneko elkarretaratzea prestatzeko bi saio antolatu dituzte. Batetik, larunbatean Hondarribian egin zuten asanblada eta autodefentsa tailerra; eta bestetik, larunbat honetan, hilak 21, Palmera Monteron egingo duten proiekzioa eta solasaldia.
Hitzordua 17:30ean izango da. Indarkeria matxistaren normalizazioa eta diskurtso erreakzioarioen zabalpena izenburupean proiekzioa eta solasaldia antolatuko dute. Gaia modu orokorrean jorratuko dute, Irunen eta egunerokotasunean duten eraginean fokua jarrita. “Hausnarketa saioa izango da. Garrantzizkoa da gure artean elkartu eta honi buruz hitz egitea; esperientziak partekatzea. Egoera honi nola aurre egin ere adieraziko dugu”, azaldu dute. Solasaldia amaituta, datorren asteko elkarretaratzerako materiala prestatuko dute.

