A25aren harira, 25 jarduera antolatu dituzte
Hilabete honetan zehar, hitzaldiak, proiekzioak, liburu aurkezpenak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte hiriko hainbat txokotan.
Datorren asteazkena, hilak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, udalak hilabete osoko egitarau zabala aurkeztu du, eta aurtengoak 25 jarduera izango ditu. Herritarrak sentsibilizatzea, prebentzioan hobetzea eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko portaera ereduak garatzea ditu helburu. “Azaroaren 25a ahotsa altxatzeko eguna da, baina baita indarkeria matxistaren aurkako borroka egutegian data batera mugatu ezin dela gogorarazteko eguna ere. Erakundeek eta gizarte osoak egunero mantendu behar dugun konpromisoa da”, adierazi du Cristina Laborda alkateak.
Egitaraua aurrera ateratzeko elkarte ugariren lana goraipatu ditu alkateak, “Irunen, zorionez, elkarte feministen mugimendua oso aktiboa eta konprometitua dugu”. Honako elkarte hauek izan dira egitarauan parte hartu dutenak: Irungo Emakumeen Etxea Elkartea, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Uxoa, Argoiak, Parean Elkartea, 18 Asanblada, Irungo Hezkidetza Mahaia eta Txingudi Elkarte Feminista, eta Berdintasun Batzordea.
Dagoeneko egitarauko ekitaldi batzuk egin dituzte. Hilabete bukaerara bitarte, beste hainbeste jarduera antolatuko dituzte. Datorren asteazkeneko eguna girotzeko igande honetan, hilak 22, Mugaz Muga emakumeentzako triatloi solidarioa egingo dute Irunen, Hondarribian eta Hendaian. Datorren astelehenean, berriz, Lupe Calvok Asun Casasolari buruzko liburua aurkeztuko du Palmera Monteron, 18:30etik aurrera.
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan, 13:15ean. Horrekin batera, kantu feminista egingo dute. Arratsalderako, hainbat proiekzio iragarri dituzte hiriko txoko ugaritan. Argoiak urteroko hitzordua antolatuko du bere egoitzan: Asun Casasola lehiaketako kontakizunen irakurketa dramatizatua. 17:00etan izango da, eta Patxi Perezek zuzenduko du. Eguna borobiltzeko mahai ingurua eta hitzaldi bat antolatuko dituzte Palmera Monteron eta Emakumeen Etxean, hurrenez hurren.
Eguna pasata jarduerak abenduaren 5era arte zabalduko dira. Programazio osoa hemen kontsulta daiteke.

