Puianako BTT zirkuitu azken asteetan erasotu dutela salatu dute
Zirkuituan oztopoak jarri dituztela salatu du Irungo Txirrindularitza Taldeak; sokak, harriak eta adarrak jarri dituzte ibilbidea eragozteko.
Puianako BTT zirkuitua erasotu dute azken asteetan. Hala baieztatu du Oscar Ginzo Irungo Txirrindularitza Taldeko presidenteak Radio Irunen egindako elkarrizketa batean. “Azken hilabetean, ekintza bandalikoak egin dituzte urtarrilean estreinatu genuen zirkuituan”, gaitzetsi du. Ibilbidean zehar, harriak, makilak eta alde batetik bestera doazen sokak aurkitu dituzte. Oztopo hauek lesioak eragin dezakete; batez ere, gazteen artean. Horregatik, kirolariekiko eta klubarekiko errespetua eskatu du presidenteak.
Puianako zirkuituaren helburua gazteek duten konfiantza hobetzea eta bizikletaren gaineko teknika hobetzea da. Urtarrilean estreinatu zuten zirkuitua, eta ordutik hainbat proba egin dira bertan. Urtarrilean aipatu bezala, zirkuitu berriak BTT probak Irunera gerturatzeko aukera eskaintzen du. Horrela, haurrek kirolaren lehiaketa mundua gertutik ezagutu ahalko dute.
Elkarrizketan, gainera, klubak azken urtean izan duen gorakada ere aipatu du. Azken urteetan, haurren kategorietan hazkundea izan dute, eta hori Euskadin azken hamarkadan txirrindularitzari eman zaion ikusgarritasunari esker izan dela dio. “Egun, klubak Junior Mailara arteko kirolariak ditu. Gure helburua da 18 urte betetzen dituztenek taldearekin lotura edukitzen jarraitzea, belaunaldi berrien laguntzaile edo monitore gisa”, azaldu du.
Datorren urteko egutegiaren aurrerapena egin du. Urteko lehenengo proba urtarrilaren 31n izango da Puianan, pista estreinatu eta urtebetera. Bestalde, martxoaren 21ean, errepideko lasterketa bat antolatuko dute Kolon pasealekuan. Maiatzaren 9an, Gipuzkoako Txapelketen txanda izango da, eta hilabete horren amaieran, 29an, Hondarribian Bidasoako txirrindularientzako proba berreskuratuko dute.

