Goiatz Labandibar eta Imanol Sorondo, Bordari eta Satarkaren jabe
Bi literatur lehiaketetara 42 kan aurkeztu dira orotara, iazko kopurua hirukoiztuz. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 13an egingo da.
Goiatz Labandibar eta Imanol Sorondo. 41. Bordari-Satarka literatur lehiaketak baditu irabazleak: Goiatz Labandibar oiartzuarrak bere egin du narrazio laburren Bordari; Imanol Sorondok, berriz, olerkien Satarka irabazi du. Ainara Elizondok, Aritz Galarragak, Mikel Arruabarrenak eta Peio Otxotekok osatutako epaimahaiak hartu du erabakia; hura egikaritzeko iaz baino zailtasun gehiago izan dituzte, ordea: bi sariketetara 42 lan aurkeztu dira denera, iazko kopurua hirukoiztuta. Zorioneko zailtasuna, beraz.
Garoa Lekuona Hondarribiko Udaleko Euskara zinegotzia pozik da aurtengo Bordari-Satarkarekin. Batetik, parte hartzearekin arras gustura azaldu da, eta aurkeztutako lanen maila onari ere erreparatu dio: “Azken urteotan lehiaketari buelta bat emateko lanean aritu gara, eta egindako ahaleginak emaitzak eman ditu. Hondarribian literatur sorkuntza eta euskarazko literatura sustatzen jarraitzeko apustua egin dugu”.
Aurtengo Bordari-Satarkan bi berritasun izan direla zehaztu du Lekuonak. Batetik, irabazleek (behean zerrenda osoa) jaso beharreko zenbatekoa nabarmen hazi da, eta bestetik lehen aldiz saridunek Hondarribiko artista batek egindako oroigarriak jasoko dituzte, Josune Iridoik egindakoak dira. Horiek denak abenduaren 13an egingo den sari emate ekitaldian ikusi ahal izango dira; 11:30ean hasiko da ekitaldi hori, Kultur Etxean.
Labandibarren eta Sorondoren lehen sariez aparte, sail bakoitzak bigarren sariduna izan du, eta atal bakoitzean hondarribiarrek egindako lanik onenak ere aitortu dituzte. Beheko zerrendan, 41. Bordari-Satarka literatur lehiaketaren palmares osoa:
Bordari Saria
- Lehen saria (1.500 euro eta oroigarria): Goiatz Labandibar Arbelaitzentzat, Itzala lanagatik.
- Bigarren saria (1.000 euro eta oroigarria): Maria Iribar Larrañagarentzat, Mozorrotuta lanagatik.
- Hondarribia saria (500 euro eta oroigarria): Eneko Haritza Garaialderentzat, Gela hutsa lanagatik.
Satarka Saria
- Lehen saria (1.500 euro eta oroigarria): Imanol Sorondo Baltasarrentzat, Kelipsea lanagatik.
- Bigarren saria (1.000 euro eta oroigarria): Amaia Mariezkurrena Serranorentzat, Lotura iraungiak lanagatik.
- Hondarribia saria (500 euro eta oroigarria): Oihana Aranburu Balerdirentzat, Halabeharrari lanagatik.

