Unai Amiano, lau t'erdiko txapeldun
Bigarrenean lortu du irundarrak Serie Bko lau t'erdiko txapeldun izatea; larunbatean, Zubizarreta lll.-ri irabazi zion 18-22, Uranzu pilotalekuan.
Unai Amiano Goñi Uranzu pilotalekuan. Imanol Saiz Gomez de Segura Bigarrenean bai. Bi hilabeteko lehiaketa da lau t’erdikoa, eta amaiera ezin hobea eman zion larunbatean Unai Amiano irundarrak. Bigarren urtez jarraian, Uranzu pilotalekuan, etxean, jokatu zuen Serie Bko lau t’erdiko finala. Gainera, berriro ere, Irun eta Ataunen arteko finala izan zen, baina aurkari desberdina izan zuen: Zubizarreta III. Lehia handiko partida izan zen, baina azkenean txapela etxean geratzea lortu zuen irundar gazteak.
Iazko arantza kentzeko kantxaratu zen Amiano, Senarren aurka 22-15 galdu zuen-eta. Aurkaria ez zen nolanahikoa, Iraitz Zubizarreta 2023ko txapleduna izan zen, eta kartzelako txapelketan maila handia eskaintzen du. Hasiera bikaina izan zuen ataudarrak, irundarrak ez zuen etsi eta hamargarren tantorako aurretik jartzea lortu zuen. Hamabigarren tantoko lehenengo atsedenaldiaren ondoren, aldea handitzea lortu zuen, 10-19. Zubizarretak aldeak murriztu zizkion irundarrari, baina azkenean, ezin izan zuen bigarren urtez jarraian txapela Goierri aldera eraman. 18-22ko markagailuarekin amaitu zen aurtengo Serie B-ko finala.
22. tantora arte lasai mantentzea izan zen Amianoren gakoa. Hasiera txarrari buelta ematea lortu zuen, eta behin markagailuan ataundarra harrapatuta bere erritmoa ezarri zuen partida irabazteko. Atseden hartzeko denbora askorik eduki gabe, Amianok binakako txapelketa prestatuko du hilabetearen amaieran txapelketari ekiteko. Txapelketako bikoteak oraindik zehazteke daude.

