Super Amara BAT taldeko harrobia, Euskadiko onena
16 urtez azpiko gizonezkoetan eta 18/20 urtez azpiko emakumeetan txapledunak izan dira; 16 urtez azpiko emakumezkoetan eta 18/20 urtez azpiko gizonezkoetan, txapeldunorde.
Super Amara BATeko harrobiak fruitu oparoak landatu ditu. Etorkizun luzerako kirolariak dituela erakutsi du Euskadiko Kluben Arteko Txapelketan. Larunbatean, hilak 14, Durangon izan ziren Euskadiko klub onena izateko lehian, eta bi kategoriatan lortu zuten. 16 urtez azpiko gizonezkoetan eta 18/20 urtez azpiko emakumezkoetan podiumeko goialdera igo ziren. 16 urtez azpiko emakumezkoen zein 18/20 urtez azpiko gizonezkoen taldea bigarrena izan ziren. Garaipen honek agerian uzten du taldearen harrobiak duen sendotasuna.
16 urtez azpiko gizonezkoetan bost proba irabazi zituzten, eta guztira 62 puntu eskuratu zituzten. Ekaitz Paskal, 100 metrotan; Adun Errazquin, 1.000 metrotan; Yuxuhan Zhu, altueran; Imad ZUhaitz Urrutia, jauzi hirukoitzan; eta Adur Muñoz, pisuan, garaile izan ziren. Hori gutxi ez, 4×300 metro erreleboetan bigarrenak izan ziren, eta puntuak pilatu zituzten.
18/20 urtez azpiko emakumezkoen taldeak Euskadiko kluben garaikurra eskuratu zuen, Realaren aurretik. Puntu bakarreko aldea izan zuten bi taldeek. Guztira lau garaipena eskuratu zituzten Txingudiko kirolariek: Hai Duong Alzagak, 400 metrotan; Naia Piquerrek, 800 metrotan; Naia Llorentek, altueran; eta, azkenik, 4×400 errelebo laukoteak.
Txapeldunordeak
16 urtez azpiko emakumezkoen taldeak bi garaipen, bigarren postu bat eta bi hirugarren postu eskuratu zituen. Garaipenak Nora Gonzalezentzat eta Eider Eizagirrerentzat izan ziren, 300 metro hesietan eta pisu jaurtiketan, hurrenez hurren. Aiala Larruskainek jauzi hirukoitzean bigarren postua eskuratu zuen; eta Paula Boned, 300 metroetan, eta 4×300 errelebo taldeak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Guztira, 58 puntu eskuratu zituzten larunbateko jardunean, Realaren atzetik sailkatuta.
18/20 urtez azpiko gizonezkoen taldeak ere bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Oraingo honetan ere, Reala izan zuen aurretik Txingudiko taldeak. Sailkapen orokorrean bigarrenak izan arren, lau probatan garaile izan ziren: Seckou Sissoko, 200 metrotan; Markel Garrancho, 400 metrotan; Eñaut Arburua, 400 metro hesietan; eta 4×400 erreleboan.
Denboraldi aurrean egon arren, garaipen garrantzitsuak pilatzen hasi dira BATeko kirolariak, “sasoi betean daudelako seinalea da”.

