36ko estatu kolpearen 90. urteurrenaren erakusketa erasotu dute
Ezker Anitzak Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak antolatutako argazki erakusketaren aurkako erasoak gaitzetsi ditu.
Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak 36ko estatu kolpearen 90. urteurrenaren argazki erakusketa antolatu du. Larunbatean, hilak 14, aurkeztu zuten Luis Marianoko lorategian. Aurkeztu berritan, bart argazki erakusketa erasotu dutela salatu du elkarteak, eta Ezker Anitzak “ekintza bandalikotzat” izendatu ditu erakusketaren aurkako erasoak. “Gizalegearen aurkako ekintza intolerantea da”, azaldu du Rosa Rubio Bidasoaldeko Ezker Anitzako koordinatzaileak.
Elkarteak erasoa ikertzeko lana abiatu du, oraindik ere ez baitakite eraso hauen atzean nor egon daitekeen. “Bereziki larria da, hauteskundeen atarian, gure historia erakusten eta gogoratzen duen erakusketa baten aurkako erasoetan parte hartu behar izatea”, adierazi du elkarteak ateratako komunikatuan. Bide beretik, Ezker Anitzak honako hau gehitu nahi izan du: “Gure hiriko gertaera historiko garrantzitsu bati buruzko lan artistiko baten zati bat kaltetzeaz gain, Irungo memoria historikoaren eta hura protagonizatu zuten herritarren duintasunaren aurkako erasoa ere bada”.
Erakusketak estatu kolpearen garaiko Irungo irudiak biltzen ditu, Errepublikaren legezkotasuna defendatu zutenak eta ondorio larriak pairatu zituztenak gogoratzeko. “Gertaera horiek gogoratzea ez da zauriak berriz irekitzea, batzuek sinetsarazi nahi duten bezala. Egia berreskuratzea da, biktimak duintzea eta faxismoak bortizki zapaldu zituen askatasun eta demokrazia balioak defendatzea”.
Ezker Anitzak elkartasuna eta errespetua adierazi nahi dio elkarteari, eta “gorrotoa ereiten dutenei” beti politikoki aurre egiten ariko direla ziurtatu dute. “Panelak apurtu ahal izango dituzte, baina ezin izango dute memoria suntsitu. Faxismoaren aurrean memoria, egia eta demokrazia”, adierazi du elkarteak.
Nicolas Gerendiain elkarteak erasoaren bideoa argitaratu du:

