"Gure lehentasuna emakumeak dira, baliabideak behar dituzte"
Emakumezkoen boleibola ikaragarri hazi da azken urteetan Irunen. Sugetrebeak Boleibol Taldea duela lau urte sortu zen, eta aurten 200 jokalaritik gora ditu.
Emakumezkoen kirolak gora egin du azken urteetan. Oraindik ere, hazteko baliabideak behar ditu, eta lan horretan ari da Irungo Sugetrebeak Boleibol Taldea. Lau jokalari izatetik 200 jokalari izatera jauzia egin du klubak lau urtean.
Zein osasun du Sugetrebeak taldeak?
Klubak, oraindik ere, zabalpen prozesuan jarraitzen du. Uste dugu instalazioei dagokienez goia jo duela, edo jotzear dagoela. Denboraldi honetan 200 jokalarien langa gainditu dugu. Entrenatzaile gehiago eta entrenamendu zein partidak egiteko kirol instalazioak izango bagenitu uste dut 50 edo 60 jokalari gehiago edukiko genituzkeela. Egun, nesken hamazazpi talde ditugu. Benjaminetatik hasi eta beteranoak arte ditugu klubean.
Noiz sortu zen Sugetrebeak?
Duela lau urte izan genuen sortzeko ideia. Nire alabak beste hiru lagunekin Txingudi Ikastolako taldean jokatzen zuen, baina ikastolak taldearekin ez jarraitzeko erabakia hartu zuen. Gauzak horrela, bi aukera zituzten: Hondarribira entrenatzera joan edo Irunen talde berri bat sortzea.
Nire anaiak judo talde bat du Irunen, Mayumi taldea. Anaiarekin batera, boleibol talde berri bat sortu nuen. Urte hartan egindako zabalpenari esker lau jokalari izatetik 39 neska izatera heldu ginen lehenengo denboraldian. Hiru talde egin genituen, eta lau urteotan sekulako hazkundea izan dugu.
Nondik dator Sugetrebeak izena?
Lehenengo denboraldian maskoten lehiaketa egin genuen, eta sugea aukeratu zuten. Zehazki, manba bat. Mayumiren esanahia, japonieraz, atezain trebea da. Anaia eta biok bakoitzak bere bidea hartu genuenean maskotaren ideia eta Mayumiren trebetasuna kontuan izan genituen, eta hortik sortu zen Sugetrebeak.
Instalazioak hazteko eragozpena direla esan duzu.
Boleibolak alde onak eta txarrak ditu. Nabarmendu nahiko nuke boleibolean entrenatzeko ez dugula sekulako espaziorik behar, edozein tokitan entrena gaitezke. Orain, hainbat tokitan entrenatzen gara: Lekaenean, Toki Alain, Azken Portun eta La Sallen. Taldeak nahastu behar izan ditugu guztiek tokia eduki dezaten, eta halere, taldeek elkarren ondoan entrenatu behar izaten dute, leku gutxirekin. Ez dira boleibola praktikatzeko propio egindako instalazioak, guk hala nola moldatu behar izan ditugu.
Horrek lehiatzerako orduan arazo gehiago eragin dizkigu. Udalak jakinarazi digu maiatzerako Katea auzoan boleibolerako pista berria egingo duela, eta nik uste dut horrek asko lagunduko digula.
Hortaz, aurrerapausoak emateko zailtasunak al dituzue?
Bai. Oraindik ere ez dut sinisten nola gauden bizirik eta, gainera, hazten. Oso zaila da baliabide oso gutxirekin aurrera egitea. Gastuak azken bi urteetan izugarri hazi dira, baita diru sarrerak ere. Hori ahalik eta modu onenean kudeatzen saiatzen gara. Baimena eskatu aurretik, barkamena eskatu behar izan dugu.
Datuei erreparatuta, lehenengo urtea lau jokalarirekin hasi ginen eta 39 jokalarirekin bukatu genuen. Bigarren urtean 75rekin hasi, eta 120rekin bukatu. Iaz, 191 jokalari izan genituen, eta aurten, 220 ditugu.
Zeintzuk dira taldearen baloreak?
Mayumi filosofia dugu oinarri. Talde guztiek seniorrak dituzte erreferente. Guk beste ikuspegi bat dugu. Gure erreferenteak kimuak dira, gure altxorra. Talde askok, kategoriek gora egin ahala, galbahea gero eta estuagoa dute, eta gutxi batzuk iristen dira gorenera. Jokalari guztiei jokatzeko aukerak ematen dizkiegu edozein kategoriatan.
Lehiaketatan porrot ugari izaten ditugu, baina emaitzak ez dira gure lehentasuna. Iaz, Hondartzako Gipuzkoako Kopa irabazi genuen, eta gutxika hasi gara talde lehiakorrak egiten. Parte hartzearen eta lehiaketaren arteko oreka lortzea da gure helburua. Izena ematen duen edonork jokatzeko aukera du gurean.
Sugetrebeak klubean soilik emakumeek parte har dezakete?
Iaz, kimuetan lehenengo bi mutilak izan genituen. Denboraldi honetan, hamasei mutil ditugu hainbat kategoriatan; baina, oraindik ezin dira lehiatu. Gure lehentasuna emakumeak dira, emakumezkoen kirolak hazteko baliabideak behar ditu.
Jokalari guztiak irundarrak al dira?
Gehienak bai. Hondarribitik edota Hendaiatik etorritakoak ere baditugu, baita Lesakatik iritsitakoak ere. Harrobian, Athleticen metodoa jarraitzen dugu. Eskualdeko jokalarien alde egiten dugu. Seniorretan eskaintzak jaso ditugu, baina argi dugu gure altxorra harrobia dela eta gazteenei aukerak eman behar dizkiegula. Kluba barrutik zer den ezagutarazi nahi diegu.
Eta entrenatzaileak taldeko jokalari al dira?
Gaur egun ditugun bederatzi entrenatzaile taldeetako jokalari ere badira. Haiekin batera, lauzpabost guraso gabiltza. Entrenatzaile eta epaile izateko ikastaroak egin behar izan ditugu, arauak eta jokoa, eta oro har, boleibola benetan zer den barrutik ikasi behar izan dugu. Nire ametsa jokalari bat presidente bihurtzea da. Horrek esan nahiko du kluba osorik emakumeen talde bat izango dela.
Nolakoak izan dira denboraldiko lehen partidak?
Emaitzez harago, jardunaldi guztietan begiratzen dut ea taldeko jokalari guztiek jokatu duten. Hori da gure helburua. Lehenengo jardunaldian 140 jokalarik parte hartu dute. Niretzat sekulako garaipena da hori. Duela lau urte ez zuten Irunen boleibolean jokatzeko aukerarik, eta gaur egun, badute. Gainera, partidak galdu arren jokalariek ondo pasatzen dute, eta hori oso garrantzitsua da.
Adinean gora egin ahala beraien artean galbahe moduko bat egiten hasten dira jokalariak. Aurten, oraindik ere, ez gaude behartuta goiko kategoriatan hori egitera, baina pena handiz hemendik gutxira hori egiten hasi beharko dugu.

