Herritarrek demokrazian duten paperaz
Hitzaldi bat antolatu du udalak hurrengo ostiralean, herritarrek politikan duten parte hartze prozesuei buruz, herrian ekiteko dituzten aukerei buruz. Itsas Etxean egingo dute.
Abotsanitzek eta EH Bilduk osaturiko udal gobernuak legealdiaren hasieratik adierazi zuen prozesu parte hartzaileei garrantzia emango zietela. Hainbat ordenantza adostu dira azken urteetan, hala nola terrazen ordenantza, HAPOaren izapideak eta beste hainbat bidean daude, aparkalekuen ordenantza berria bezala. Horiek guztiak osatzeko, herri batzarrak osatu ditu udal gobernuak, prozesu parte hartzaileak sustatuz. Horrez gain, mugikortasun, euskara edo berdintasun mahaiek haien bidea egin dute azken urteetan, herritarren iritziak eta proposamenak entzuteko.
Herritarrek demokrazian duten presentzia eta horrelako parte hartze prozesuak aztertzeko eta hortaz hitz egiteko hitzaldi bat antolatuko du udalak, hurrengo ostiralean (hilak 20) Itsas Etxea Auditoriumean. “Hainbat forma daude herritarrek demokrazian parte hartzeko. Parte hartze prozesu asko egin ditugu, eta herriko eragile askorekin bildu gara azken urteetan. Ikusi dugu oso aberatsak direla horrelako parte hartzeak, baina baita ere ikusi dugu gero eta nabarmenagoak direla gure herrian gai bateri buruzko iritzi kontrajarriak eta polarizazio egoerak”, azaldu du Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Herritarrei, politikan izan dezaketen papera handia eta garrantzitsua dela azaldu nahi die udalak. Ikasketa prozesu bat izango da udalarentzat, azaldu dutenez, horrelako mahai inguru batetik beti badago eta zer ikasteko. “Herritarrekin batera politika egitea ez da aukera osagarri bat guretzat, politika ulertzeko eta egiteko modu bat baizik. Horregatik, parte hartze prozesu hauentzat tresna berriak behar ditugun heinean, horiek ikasten eta lantzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Urtizbereak.
Hitzaldiak hiru protagonista izango ditu. Alde, batetik, Oliver Estobar katedratikoa izango da bertan, bideo dei bidez. Edinburgoko Unibertsitateko Politika Publikoetako eta Berrikuntza Demokratikoko katedraduna da Estobar, eta polarizazioa eragin duten hainbat gatazkez eta horrek sortutako esperientziez mintzatuko da, beti ere Europa mailan. “Besteak beste Frantziako eutanasia legearen eta Irlandako abortuaren legearen inguruan egindako deliberazio prozesuak aurkeztuko ditu, azalduz noski herritarrek gai horien inguruko eztabaidetan eta erabaki publikoetan izan dezaketen eginkizuna aztertzeko”, esan du Garoa Lekuona zinegotziak.
Bigarrenez, Naiara Goia izango da bertan. “Arantzazulabeko zuzendari nagusiak, EAEn gertatutako esperientziak aurkeztuko ditu, herritarren parte hartzea eta deliberazioa sustatzeko martxan jarritako ekimenak eta metodologia horien aplikazio praktikoa ezagutarazteko”, iragarri du Lekuonak. Beraz, nazioarteko ikuspegia landuko dute Estobarrekin, baina ikuspegi lokalagoa Goiari esker. Azkenik, Arantxa Mendiharatek gidatuko du saioa, parte hartze prozesuetan aditua.
Aparkalekuen afera
Azkeneko asteetan pil pilean izan da aparkalekuen ordenantza berria. Sare sozialetatik sustatutako kontra kanpaina batek erakutsi du herriak desinformazioa salatu duela. Horregatik, udalak ordenantzaren lehenengo onarpena berandutu du, berriro ere parte hartze prozesua eta informazio saioak planteatuz. “Parte hartzeak egin ditugunean, kanpo aholkularitzak izaten ditugu gurekin, eta beti esaten digute zenbaki ederrak biltzen direla Hondarribiko saioetan”, esan du Urtizbereak. Halere, ikusi da, herritarrek azken denboran egindako iradokizunak direla eta, badagoela lana oraindik. “Badakigu orain arte egindako prozesuekin aurrera egin dugula, baina beste urrats bat eman behar dugu, gehiagora iritsi behar gara”.

