«Asko zulatu dut Hondarribia, hankaz gora jarri dut»
Bale arrantzari buruz mintzatu zen pasa den asteko hitzaldi batean. Urte askotan Hondarribian zehar indusketak egiten ibili da, eta besteak beste, bere lehen indusketan bale hezur bat aurkitu zuen.
Hondarribia leku guztietatik zulatu duela dio Pia Alkain Sorondo arkeologoak. Hainbat indusketa lan egin ditu azken hiru hamarkadetan, eta gauza bitxiak aurkitu ere. San Nikolas kalean, bere Hondarribiko lehen indusketan, balea hezur bat topatu zuen, baina baita Erdi Aroko harresia ere. Ez da baleetan eta balea arrantzan aditua, baina azaldu du datu bilketa handi bat eginez, bidaia bat egiteko gai dela. Aurreko astean hitzaldi bat eman zuen, bidaia hori azaldu eta Hondarribitik hasi eta Ternuara bidean, arkeologia oinarri hartuz, balea arrantzaren eta Hondarribiaren arteko harremana azaltzeko.
Zergatik balearen arrantza?
Hau ez da nire ikerketa esparrua, eta arkeologo gisa ez dut gai hau ikertu. Baina Zumardikoak Elkartearen eskaera bat izan zen. Azken urteetan hainbat ziklo antolatu dituzte, herriko ondareaz hitz egiteko, eta bertan izan naiz normalki beti ere arkeologia arlotik hitz egiten. Nire Hondarribiko bisita gidatuetan hitz egiten dut balea arrantzari buruz, eta beno, badaukat oinarri sendo bat. 20 urte baino gehiagoz Hondarribia zulatzen ibili naiz besteak beste, indusketa arkeologikoak egiten, eta konturatu naiz badudala informazioa eta lortu ditudala datuak gai honi buruz hitz egiteko. Balea arrantzaren gainean badugu dokumentazioa, eta noski, milaka istorio eta kondaira, baina arkeologiak ere testuinguru bat ematen du, eta hortik tiraka prestatu nuen hitzaldia.
Balea arrantzarekin lotutako aurkikuntza arkeologikorik ba al da Hondarribian?
Hitzaldian hainbat elementu aipatu nituen. Adibidez, badakigu Ipar Amerikako dokumentu zibil zaharrena, idatzitakoa noski, Hondarribiko arrantzale batena zela, 1563. urtean hil zena. Bere testamentua zen, Plasentziako kaian idatzitakoa. Domingo de Luça hondarribiarra izan zen arrantzale hura, eta bere lagunek ekarri zuten dokumentu hori hona, bera hil ondoren. Baina badira gehiago. 1572ko beste dokumentu bat ere badugu, Hondarribiko beste arrantzale batena. Dirua zor zion beste bati, eta hori ere dokumentatuta geratu zen han bertan.
Iturri dokumentalak eta iturri arkeologikoak, zer ezberdintasun dago haien artean?
Ez dira gauza berbera. Iturri dokumentalak idatzitako dokumentuak dira, artxibo batean edo edonon egon daitezkeenak. Baina beste hainbat iturri daude, adibidez testigantzak edo aipatutako iturri arkeologikoak. Indusketa bidez lortutako informazioak dira arkeologikoak, fisikoak dira, eta egia da, batzuetan ongi lotzen direla arlo dokumentalekin, baina beste batzuetan ez da hala izaten. Batzuetan dokumentuetan jartzen duena ez da egia, gaur egun ondo dakigun bezala, eta horrelakoak gertatzen dira.
Arkeologian usteltzen ez diren materialak aurkitzen ditugu gehienbat, azken finen lur azpian egotetik datozelako, hala nola, zeramika, eraikuntzak, harrizko materialak… Erdi Arotik aurrerako garaietan aztarna arkeologikoak iturri dokumentalekin uztar ditzakegu, lehenagoko idatziak lortzea zaila da eta. Elkartzen diren kasu horietan batak bestearen informazio gehiago ematen du.

Emandako hitzaldia nola planteatu zenien entzuleei?
Bidaia bat egin genuen. Hondarribitik Ternuara joan ginen, baina Sevillatik ere pasa ginen. Arrantzaleak hemendik irteten ziren, Ternuara bidean, eta ondoren material pilarekin itzultzen ziren. Olioa zen material horietatik preziatuenetarikoa, eta tina handietan ekartzen zuten. Eta zergatik Sevilla? Bada tina horiek, erraldoiak, bertan egiten zirelako. Ondoren honaino ekartzen ziren, Ternuara eramateko eta gantza bertan gordetzeko
Badakigu arrantzaleak Hondarribira iristerakoan lonja zaharrean deskargatzen zutela ekarritakoa. Nik egindako indusketa bati esker jakin genuen lonja zahar haren kokalekua. Bertara olioa eta haragia ekartzen zituzten. Olio hura ona zen, ez zuen-eta kerik ateratzen, eta lanpara txikiak egiteko erabiltzen zuten. Baina olioa ez zen beste guztiarekin, zer? Bada nik 1998an nire lehenengo indusketa egin nuen Hondarribian, San Nikolas kalean, eta bertan balea hezurrak topatu nituen. Aranzadiko beste talde batek ere Juan Laborda kalean beste hezur batzuk aurkitu zituen. Hezur horiek moztuta zeuden, bale xerra bat jateko erositako zati bat zen agian, hori ez dakigu zehazki.
Olioa poto handietan garraiatzen zuten, eta hori Donostiako Bretxan egindako aurkikuntza arkeologiko batekin lotu nuen, bertan aurkitu ziren-eta hainbat tina, balearen olioa gordetzeko erabili zirenak.
Bale arrantzan pentsatzean askori Orio datorkigu burura. Badakigu ea Hondarribia bale arrantzaren indarguneetako bat izan zen?
Ba ez dakit. Rankin bat egin beharko bagenu, ez dakit nola egin daitekeen. Nola egin dezakegu, herri bakoitzean aurkitutako bale hezurrak kontatuz? Dokumentuetan zein herri aipatzen den gehiago identifikatuz? Ez dakit, gainera ere dokumentuak askotan erreak izan dira eta historian zehar. Beraz, ez dakit non arrantzatzen zen gehiago. Lekeition ere agertu dira hainbat tina, adibidez, Donostian bezala. Kostalde guztian harrapatzen ziren, eta hori badakigu, baina ez dakigu zein zen rankin hura.
Balea hezurrak aurkitu zenituenean, ezustekoa izan al zen?
Etxe berri bat egin behar zuten han garai hartan, eta promotoreak enkargu bat egin zigun, gune babestua baita Alde Zaharra, eta beraz, behartuta daude indusketa egitera. Loteria bat izaten da, askotan ez dakigu-eta zer aurkituko dugun, edo zerbait aurkituko dugu ere. Baina hor Erdi Aroko harresia eta dorrea agertu ziren, eta esan bezala, baita balea hezur horiek ere.
Hondarribian famatua da Zeria jatetxean dagoen balea hezurra.
Hori, adibidez, ez nuen aipatu hitzaldian. 1960ko hamarkadan aurkitu zuten etxearen azpian, obra egiterakoan. Baina entzuleetako batek kontatu zigun nola San Pedro kaleko etxe batean ere badagoela beste hezur bat balkoian, kanpotik ikus daitekeena. Donostiako Aquariumeko balea hezur handi hori ere ez nuen aipatu. Azken finean ez dakit balea hori arrantzatua izan den edo bertan hil zen duela ez dakit zenbat urte. Arkeologian azken finean gizakiarekin lotutako ondareak aztertzen ditugu, eta, bestalde, desagertutako animalien ikerketa paleontologiaren esparrua da.
Beraz, moztutako hezur bat aurkitzerakoan bada arkeologia, gizakiaren eragina bertan baitago.
Hori da. Ez bada mozketa natural bat, hau da, labain edo aizkora batekin moztutako elementu bat bada, arkeologian sartzen dugu, gizakiak bertan eragin baitu.
Itsasoko gauzak ikertzea lurrekoak baino zailagoa izaten da? Itsas arkeologia beste mundu bat da?
Askoz zailagoa da, baldintzak oso ezberdinak dira eta. Nik behintzat ez dut egin, eta ez dut asmorik ere hortan jarduteko [barrez]. Gainera, askoz garestiagoa da, behar duzun ekipamendua eta azpiegitura dela eta. Hemen ezagunena Higerreko ikerketak dira. Bertan izan dira uda honetan, eta espero dut emaitzak ahalik eta azkarren iragartzea. Lur azpiko arkeologia bai egin dut, Arditurri inguruan lanean ibili nintzen eta meategietan.
Euskal kostaldeko ekonomiaren sustengu handia izan zen balea bere garaian, ezta?
Bai, noski. Baionan badaude jada XI. mendeko ordenantzak, balea haragia saltzeko erabilitakoak. Donostiako Foruan ere aipatzen da balearen salmenta. Noiztik arrantzatu dute euskaldunek balea? Bada hori ez dakigu, ez dugu daturik horrelako data bat emateko. Dakiguna da azkenekoa zein izan zen, 1901ean Orion arrantzatutakoa. Gaur egun, gainera, debekatuta dago. Hainbeste mendez hain esplotazio handia egin zen, balearekin amaitu zutela.
Aurkitu al dira arrantza horietan erabiltzen ziren elementuak indusketetan, hala nola, arpoiak?
Bai, paleolitikokoak. 2025eko ikerketa batek euskal kostaldeko hainbat eremutan indusketak egin zituen, hala nola Isturitzen, Urtiagan, Santa Catalina Lekeition eta Debako beste eremu batzuetan, goi paleolitikoko materialak aztertzen. Ikerketa horietan ikusi da badela material pila baleen hezurrarekin egindakoak. Horri esker badakigu tresnak egiteko edo jateko jada erabiltzen zela balea. Baina lehen moduan, ez dakigu balea hori ehizatutakoa izan den, edo kostaldean hilda agertutakoa.
Balearen arrantzak ondarea ere utzi du gure gizartean. Hor ditugu estropadak, edota abestiak eta kondairak bale arrantzari buruzkoak.
Argi dago gure identitatearen eta kulturaren zati bat badela arrantza, eta noski balearen arrantza. Ausardiarekin loturiko jarduera zen, eta gaur egun estropadek badute hortik zerbait. Harro egoteko gauza bada, gure ondarearen zati bat bada. Oraindik ere balean pentsatzeak ikara ere ematen digu. Animalia oso handiak ziren, eta horiek arrantzatzea erronka handia zen. Baina ez hori bakarrik, Ternuaraino joatea XVI. mendean ez zen gauza erraza, bide oso zaila zen-eta garaian zuten materialarekin. Ausardia da hitza.
Diozu historia aurrea ez dela zure eremua. Zein da ba?
Obrekin lotutako indusketak egin izan ditut normalki, eta horrelakoak Erdi Aroko hiribilduetan egin izan direnez, gehien bat Erdi Aroa eta Erromatarren garaiak ikertu ditut.
Indusketetan aurkitutako objektuen historia jakiteko edo interpretatzeko nola jokatzen duzue?
Beno, azken finean lehenagotik baduzu oinarri bat, eta datu asko lotuta pixkanaka testuinguruan kokatzen ditugu objektuak. Hainbeste urtez lan eginda gai zara hipotesi bat sortzeko. Baina agian bost urtera norbait iritsi daiteke atzetik, datu gehiagorekin, beste aurkikuntza edo beste hipotesi batekin, eta zurea alde batera utzi. Beraz, gure ogibidean beti egon behar gara prest.
Egun hainbat eremutan beharrezkoa da indusketa lanak egitea obraren bat egin nahi bada, baina duela hamarkada batzuk hori ez zen aurreikusten ere.
Bai, argi dago onera egin duela horrek, gaur egun babestuta dago eta. Ondare legea 1999koa da, eta indarrean dagoenetik, eraikuntza promotoreak behartuta daude lehenagotik indusketak egitera. Gauzak aldatu dira hor, bai.
Hondarribian indusketa lan esanguratsuak egin al dira?
Baietz uste dut. Harresiak hemen aurrean ditugu, eta badira erdi arkeologia, erdi eraikitako ondarea. Errenazimentuko harresi bakarra da Euskal Herrian, eta hori bada garrantzitsua. Erdi Aroko harresia hor dugu, gaztelua… Higer inguruan ere, Farola Zahar deitutako tokian, atalaia bat azaleratu genuen. Gainera, nik uste Higer inguruan badagoela zerbait gehiago, ikertu beharreko gunea dela uste dut.
Zein da zuk egindako aurkikuntza interesgarriena?
Askotan aurkikuntza interesgarrienak eta bitxienak gauza sinpleak izaten dira. Adibidez, esan dezakegu Europako irasagar hazi zaharrena Panpinot kalekoa dela, edo mizpira haziak ere gure Alde Zaharrean aurkitu direla. Egurrezko materialak eta tresnak, edota larruzko oinetakoak aurkitu ditut; gauza arruntak dira, baina badira altxorrak ere.
Euskal Herria itsas herria izan da betidanik. Zure ustez bertako itsas ondarea ongi babesten al da, edo oraindik ere babes lan horretan asko al dago egiteko?
Arrantzale familia batekoa naiz, eta uste dut gure inguruan behintzat ez ditugula inoiz gure aiton-amonen bizipenak ondare bezala ikusi. Orain, aldiz, hori aldatzen ari da, eta uste dut babestu beharreko zerbait dela. Mundu honen inguruan genituen ohitura asko galdu ditugu, eta horiek mantentzea ezinbestekoa iruditzen zait. Kontzientzia gehiago dugu gaur egun, eta eman behar zaion garrantzia gutxinaka ematen ari gara. Ondare ikusezina da, testigantzak hor ditugu, babestu behar ditugu.

