Irunbuseko hobekuntzak abian jartzeko irtenbidea, bermatuta
Udalak 1. Linea eta Gautxoria indartzeko eta 5. linea sortzeko kontratazio prozesuari berriro ekin dio; proposamena Osoko Bilkuran eztabaidatuko dute.
Herritarrek denbora daramatzate Irunbuseko zerbitzua hobetzeko alternatiba bat eskatzen. Alegia, 1. linea indartzea, Gautxorien maiztasuna bikoiztea eta 5. linea berriaren sorkuntza eskatu dute behin eta berriz. Udalak Semura Bus SM enpresari esleitu zion kontratua, baina enpresak ez du kontratu hori sinatu. Egoera horrek irtenbideak eduki dezan kontratazio prozedurari berriro ekingo dio udalak. Kontratua aldatzeko proposamena Osoko Bilkurara eramango dute, aurreikusitako hobekuntzak gehitzeko.
2023an, udalak lehen lizitazioak hasi zituen, baina bertan behera utzi behar izan zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen gaineko Errekurtsoen Administrazio Organoen aurkeztutako errekurtsoa ebatzi ondoren. Aurtengo apirilean, Semura Bus SM enpresari esleitutako kontratua amaitu zen, ez baitzen sinatu. Egoera honi irtenbide bat emateko udalak beste bide bat bilatu behar izan du.
“Badakigu hobekuntza horiek martxan egon beharko luketela, eta ulertzen dugu herritarrek lehenbailehen ikusi nahi izatea. Gure konpromisoa ez da soilik daukagun zerbitzuari eustea, baizik eta zerbitzu hori hobetzen eta gure hiriaren beharretara egokitzen jarraitzea”, azpimarratu du Cristina Laborda alkateak.
Proposamen honek hiru hobekuntza izango ditu. Batetik, L1 linean bosgarren autobusa martxan jartzea, puntualtasuna eta ordutegiak mantenduz. Bestetik, Behobiara eta Kateara doazen Gautxori lineen maiztasuna ordubetetik 30 minutuetara jaistea. Eta azkenik, Elizatxo, Lapitze eta Mendibil erdigunearekin zein Ficoba/Gal eremuarekin lotuko dituen bosgarren linea bat sortzea. Linea berriaren sorkuntza aipatutako auzoetako bizilagunen eskaria da, eta urteak daramate linea berria eskatzen.

