Hondarribiko ardoak, Batzokiko maridaje afarian
Beko Errotako eta Hiruztako txakolinak izango dira larunbat gauean Batzokiko mahaietan. Atsedena hartuko dute abenduaren 4ra arte, eta zerbitzua eder amaituko dute.
2024ko maridaje afariko argazkia. Nork ez du gustuko afari on bat? Eta herriko txakolinarekin batera bada? Hori bera eskainiko du Hondarribiko Batzokiak larunbat honetan. Atsedena hartuko dute jatetxeko kideek azaroaren 14tik abenduaren 4ra arte, eta ederki amaitu nahi dute zerbitzua oporrak hartu baino lehen. Maridaje afari berezi bat egingo dute.
Ez da lehenengo aldia, urteak daramatzate eta ohitura berdinarekin. Aurten, Hondarribiko ardoak izango dira protagonistak. Beko Errotako eta Hiruztako txakolinak jarriko dituzte mahai gainean. “Hondarribi zuri mahatsa hobe ezagutzeko aukera ederra izango dugu larunbatean”, esan du Batzokiak.
Baina edaria ez ezik, janaria ere bertan izango da. Zehazki, sei platerreko afaria izango da.”Horien artean, Senegalgo plater bat ere izango da. Horrela, Batzokiko lantaldearen beraren kultura-aniztasuna mahaira eramango dute, eta sukaldea kultura, tradizio eta zaporeen arteko topagunea ere badela erakutsiko dute”.
Jatekoa, edatekoa eta girotzekoa. Batzokitik aurreratu dute musika ez dela faltako bertan. “Gastronomiak, ardoak eta musikak bat egingo dute afari hutsa baino gehiago izan nahi duen gau batean: denboraldia amaitzeko, une atseginak partekatzeko eta elkarrekin bizitako une onengatik topa egiteko festa txiki bat izango da”.

