Emeki eta Marlaxka, berdintasunaren bidean batera
Bihar Maria Goñi xakelariaren hitzaldia izango da Kasino Zaharrean, eta astelehenean, Xake Ttopara. Xakea ez da kirol hutsa bi eragileen ustez, gizartean ekiteko modua ere bada.
Harreman sendoa eraiki dute Emeki Emakumeen Elkarteak eta Marlxaka Xake Klubak urteen poderioz. Emekiko kideak xake munduan murgildu dira, eta jokatzeaz gain, kirol hortaz eta bertako istorioez bustitzea gustuko dute. Azaroaren 25aren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte urtero moduan, eta noski, xakeak bere tokia izango du. Alde batetik, Xake Ttopara egingo dute, eta bestetik, hitzaldi bat entzuteko aukera, Maria Goñi Osacarren eskutik.
Bihar, Goñiren hitzaldia egingo dute, Kasino Zaharrean, 18:00etan. Xakelaria, dibulgatzailea eta idazlea. Horrela definitu dute biharko protagonista. “Soziologian lizentziatua, idazlea eta Nazioarteko Xake Federazioko Maistra (WFM) da María Goñi. Iruñeko Oberena klubeko kidea da, eta kirol-ibilbide nabarmena du: Nafarroako emakumezkoen txapelduna izan da hiru aldiz, Euskadiko txapeldunordea behin eta Xake Amateurreko Munduko Txapelketan emakumezkoen lehen postua lortu zuen. Garry Kasparoven aurka aldi bereko partidetan jokatzeko aukera ere izan du”, azaldu du xake klubak.
Nagusiki gizon kirola izan da xakea historian zehar, baina emakumeek badute zer esan, eta hori bera erakutsi nahi du Hondarribiko xake klubak. Emakume erreferenteen falta da belaunaldi gazteek urte askotan zehar izan dutena. Horregatik, horrelako ekitaldiak lagungarriak izan daitezke ikuspegi hori aldatzeko bidean. Goñiren bizipenek, istorioek edota esperientziek askotarako eman dezaketenaren ustea dute Marlaxkako kideek. Xakelaria, epailea eta txapelketen antolatzailea izan da, beraz, kirolaren esparru guztiak ezagutzen ditu. Gainera, emakumeen xakearen sustatzaile amorratua da, eta emakumeei xake eskolak eskaintzen jarduten du.
Baina xakea jokatu egiten da, eta hori ere, noski, egingo dute. Xake Ttopara astelehenean izango da, hilak 16, Kasino Zaharrean ere. “Elkarbizitzarako, parte-hartzerako eta xakera hurbiltzeko gune bat da, esperientzia-maila desberdinetako emakumeek taularen inguruan jardunaldi bat partekatzeko aukera izan dezaten”. Horrela deskribatu dute astelehenekoa. Marlaxkan argi dute xakea ez dela kirol hutsa, hezkuntzarako, kulturarako eta gizarte eraldaketarako tresna ere badela. “Ttopararen helburua emakumeen parte-hartze aktiboa sustatzea da xakearen munduan, harreman berriak sortzea eta Hondarribiko zein eskualdeko emakume xakelarientzako erreferentziazko topagune bat sendotzea”.
Gonbita, denakentzat
Kiroletik gizartean ekiteko aukerak milaka zerrendatu daitezke. Xakea da Emekiko kideek aukeratutakoa, eta ikusten da urtez urte gogo gehiagorekin hartzen dutela azaroko kirol programazioa. Baina bi eragileek argi dute hau ez dela Emekiko emakumeentzat mugatutako jarduera. Herritar guztiak gonbidatzen dituzte parte hartzera, haiekin batera berdintasunaren bidea egitera, xakea oinarri hartuz borroka feministan ekitera.
“Azaroko jardunaldi hauen bidez, gainera, martxoaren 8aren inguruan antolatzen diren ekimenei jarraipena eta osagarritasuna eman nahi zaie, berdintasunarekiko konpromisoa urte osoan zehar indartuz. Emakumeek xakean duten lekua ikusgarri egitea, haien parte-hartzea bultzatzea eta esperientziak partekatzeko zein erreferente berriak sortzeko guneak eskaintzea dira ekimen honen helburuetako batzuk”.

