"Espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzea beharrezkoa dugu"
3.000 pertsona inguru bildu dira Bidasoan A11ko greba orokorraren harira egindako manifestazioan. Etxebizitza duin baten alde egin dute, erantzule politikoak seinalatuz.
Grebaren alde egin dute Irunen. Goizean, grebak eragin txikia izan du Bidasoan, baina arratsaldean jendeak kalean hartu ditu. 3.000 pertsona inguru elkartu dira Zubimuxutik irten den manifestaldian. Grebaren antolakuntzan ibili diren sindikatuek bideratu dute manifestazioa, baina milaka herritar batu dira haien deialdira. Eguerdian, Donostian egin den mobilizazioan izan dira Bidasoko herritar asko, baina arratsaldean haien eskualdean grebaren indarra erakusteko aukera izan dute, eta hala izan da.
Behe Bidasoko Greba Batzordeko bi emakumek hartu dute hitza San Juan plazan, manifestaziora hurbildutako pertsonei zuzenduz. Lucia Larra eta Irene Rubio izan dira hitzartzearen arduradunak. “Gaur greba orokor eguna izan da, eta kaleak hartu ditugu etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko. Eskerrik asko mobilizatu zareten guztioi, baita greba orokorra antolatzen modu batera edo bestera lagundu duzuen pertsona, sindikatu eta eta herri mugimenduko kolektiboei ere”, adierazi dute.
Greba batzordeak adierazi duenez, hiru norabide nagusi daude aurrera egiteko:
- Espekulatzaileei ondasunak espropiatzea.
- Etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatzea.
- Etxebizitza eta baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatzea.
Helarazi dute antolakuntza dela tresnarik onena: “Arazoak indibidualak balira bezala aurkezten dizkiguten arren, ezinbestekoa da kolektiboki antolatzea. Antolatzeko deia egin nahi dugu, eta etxebizitzaren arazoa pairatzen duen ororri argi esan nahi diogu: ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresnarik onenak”. Balantza bat, eta bi alde. Batean, “pobrezia, eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna”. Bestan, “espekulatzaile eta errentista gutxi batzuk, inoizko irabazirik handienak pilatzen”.
Eskubiko alderdiak, PSOE eta bere inguruak, erantzule
Politikariei ere zuzendu dira. Greba batzordearen ustez, gaur aldarrikatutako arazo guztiak ez liratezke existituko instituzio publikoek ez balute errentisten mesedeetan lan egingo. “Erantzukizuna duten alderdi politiko guztiak seinalatu behar ditugu. Bai PP, UPN edota EAJ eskubiko alderdiak, espekulazioaren aldeko politikak sustatzen dituztenak. Baina baita ere PSOEren gobernua, zeinek ez duen ezer egin arazo hau oinarritik mozteko. Baita ere PSOEren gobernua babestu duten alderdi guztiak”.
Irungo kasuan, Desokupa aipatu dute, baina baita ere hirian eman diren etxegabetze saiakerak. “Desokupa talde faxista bat bota zen hiritik, umiliaturik alde egin behar izan zuen gainera, eta etxejabeak familia hori nola jazartzen duen erakutsi zen. Hori gutxi balitz bezala, irailean Katea auzoan prentsaurreko batez bitartez Irungo beste familia batek zuen etxegabetze arriskua salatu zen eta horri esker paralizatzea lortu zen”.
Hona hemen gaur HITZAk ateratako argazkiak:

