EAJ, 188.000 euro eta hiru proposamen berri
2027ko aurrekontuetarako hiru proposamen aurkeztu dituzte jeltzaleek. Gastu handiena 150.000 eurokoa izango litzateke, Udaltzaingoaren egoitza tokiz aldatzeko.
2027ko aurrekontuak pil pilean daude, eta azaroko osoko bilkuran onartuko dira. Udal gobernuak bere proposamena aurkeztu die udal taldeei, eta gutxinaka alderdiek haien proposamenak aurkezten dituzte. EAJk 188.000 euroko proposamen sorta bat aurkeztu berri du, elkarteak laguntzeko, udal lokalen erabilera hobetzeko eta udaltzaingoaren egoitza berri bat aztertzeko.
18.000 euro gobernuz kanpoko erakundeentzako aholkularitza zerbitzu bat eskaintzeko bideratuko lituzke EAJk, haien kudeaketa eta administrazio izapideak errazteko helburuarekin. Bestalde, 20.000 euro udal lokalen erabilera aztertzeko izango lirateke. “Partidaren helburua da dauden baliabideak hobeto ezagutzea eta horiek nola aprobetxatu aztertzea, elkarte eta eragile ezberdinen beharrei erantzuteko”.
Azkenik, jeltzaleen proposamen garestiena 150.000 eurokoa da. Funtsean, udaltzaingoaren egoitza tokiz aldatzeko azterketa bat egitea izango litzateke gastua. Aurrekontu horretatik zati bat ere obra proiektua idazteko erabiliko lukete.
“Udal zerbitzuek prest egon behar dute Hondarribiaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko. Horregatik, garrantzitsua da hobekuntzak garaiz planifikatzea, aukera ezberdinak aztertzea eta proposamen zehatzekin aurrera egitea”, adierazi du Serranok.

