A11ko grebarekin bat egingo du Abotsanitzek
Herri batzarrak adierazi du biharkoa ez dela soilik lan uzte bat, bizitza duinak defensatzeko aukera bat dela baizik. Herritarrei zabaldu die grebara batzeko deialdia.
Bihar greba eguna izango da. Etxebizitzaren afera izango da protagonista, eta arazo horretaz Hondarribian ederki dakite herritarrek. Horren harira, Abotsanitz herri batzarrak bere atxikimendua iragarri nahi izan du, adieraziz, grebarekin eta mobilizazioekin bat egingo dutela.
Bihar, aktibitate ekonomiko guztiak eten eta kalera ateratzeko deia egin die Abotsanitzek herritarrei, “ahotsa altxatzeko, herri bizi, justu eta burujabe bat” nahi dutelako.
“Hondarribian etxebizitzaren arazoa muturrekoa da, gure gazteek eta herritarrek herrian bertan bizitzeko aukera ia ezinezkoa dute, azken hamarkadetan izan dugun hirigintza eredu espekulatiboen mesedetan”. Herri batzarrak adierazi du espekulazioak, prekarietateak eta oinarrizko eskubideen galerak gizartearen etorkizuna hipotekatzen dutela.
“Gaur egun, bizi-baldintzak etengabe okertzen ari dira langileriarentzat eta azken finean, herritarren ia osotasunarentzat”. Konpromiso soziala erakutsi nahi izan du Abotsanitzek osatutako oharraren bidez.
Negozioaren aurka
“Gure herrian eta gure herrialdean bizi dugun errealitate sozial, laboral eta ekonomikoak ezin du gehiago itxaron; erantzun irmo, bateratu eta burujabe bat eskatzen du”, esan du Abotsanitzek. Hainbat eskaera eta aldarri jarri dituzte mahai gainean. Hona hemen puntuz puntu, haien hitzetan:
- Hondarribian bizi nahi dugu, espekulatzaileen menpe egon gabe.
- Etxebizitza duina eskubide bat delako eta ez negozio bat.
- Gure hizkuntza, kultura eta nortasuna babestuko dituen herri batean nahi dugu bizi.
- Lan baldintza duinak, soldata bidezkoak eta zerbitzu publiko sendoak bermatuko dituen Hondarribia baten alde gaude.
Herri batzarrak argi du biharkoa ez dela soilik lan uzte bat. “Gure bizitza duinak defendatzeko eta sistema injustu honi aurre egiteko tresna bat da. Ezin dugu onartu kanpoko interesek eta elite ekonomikoek gure herriaren norabidea erabakitzea”, esan dute udal gobernuko kideek.

