Emakumeen Etxea Elkarteak greba orokorrarekin bat egingo du
'Etxebizitza duin eta eskuragarri bat izateko aukerarik gabe ez dagoela bizi proiekturik' aldarrikatzeko babesa eta atxikimendua adierazi ditu.
Irungo Emakumeen Etxea elkarteak asteazkenerako deitutako greba orokorrarekin bat egingo du. Etxebizitzen sindikatuek eta euskal gehiengo sindikalak etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra deitu dute, eta mobilizazio bateratuak antolatu dituzte Etxebizitza bermatzeko espekulazioari ez lelopean. Elkarteak grebarekiko babesa eta atxikimendua adierazi du, eta nabarmendu dute bizi proiektu bat izateko etxebizitza duin eta eskuragarri bat izateko aukera eduki behar dela.
Emakumeengan jarri dute fokua, etxebizitzaren gaiak gizarte osoari eragiten badio ere, emakumeengan, bereziki, gogor jotzen du. Lan-baldintza prekarioak eta soldata baxuak dituzten emakumeak; gela partekatuetan bizitzera behartuta dauden emakume migratzaileak; emantzipatu ezin diren emakume gazteak; etxebizitza eskuratzeko zailtasunei bakarrik aurre egin behar dieten ama bakarrak; eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeak pairatzen dute egoera.
Irunen, gainera, egoera bereziki kezkagarria dela diote: “Alokairuzko etxebizitzen eskaintza oso urria da, eta etxebizitza erosteko prezioak herritar gehienentzat debekuzkoak dira. Nahikoa da!”. Horregatik, etxebizitza politika eraginkorrak eskatu dituzte; batetik, espekulazioa geldiarazteko eta pertsona guztiei etxebizitza duin eta eskuragarri bat izateko aukera bermatzeko.
“Etxebizitza eskubide bat da, ez pribilegio bat. Etxebizitzarik gabe ez dago autonomiarik, ez berdintasunik, ez bizi-proiekturik”.
Goizeko mobilizazioa Donostian izango da, 12:30ean Pio XII plazatik hasita. Arratsaldean, 18:00etan, Bidasoaldeko manifestazioa egingo dute Mendelutik hasita San Juan plazaraino.

