Biok Txingudik Hernani mendean hartu du
Denboraldiko lehen garaipena izan da emakumeen taldearentzat (41-39); Zaisa Txingudik gutxigatik galdu zuen Bilbon (40-39).
Gazitik eta gozotik izan du asteburua Txingudi Errugbiko senior taldeentzat. Biok Txingudik denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen, sufrituta. Larunbatean, lehia handiko partida izan zuten Hernanin, zazpi entsegu behar izan zituzten Buruntzaldeako taldea garaitzeko. Zaisa Txingudik, berriz, Bilbon jokatu zuen bere norgehiagoka eta puntu bakar batengatik ezin izan zuen Uni Bilbo garaitu.
Emakumezkoak hasieratik gogoz aritu ziren Hernaniko zelaian. Bigarren minuturako partidako lehen entsegua lortu zuten bidasoarrek. Atsedenaldira alde handiarekin iritsi zen Biok Txingudi taldea. Bigarren zati hasieran, bi taldeek entsegu bana eskuratu zuten; baina bidasoarrek ez zieten markagailua murrizteko aukera handiegirik eman. Partida osoan aldeko markagailua mantentzea lortu zuten denboraldiko lehenengo garaipena eskuratzeko (41-39).
Zaisa Txingudik ere puntuz beteriko markagailua izan zuen Bilbon jokatutako partidan. Aurreikuspenek zioten partida zaila izango zutela Uni Bilboren aurka, eta aurreikuspenak bete ziren. Defentsan aritzeko zailtasun asko ari dira izaten denboraldi honetan, eta larunbatekoa ez zen apartekoa izan. Markagailua irekitzea lortu zuten bidasoarrek, eta atsedenaldira bitarte markagailu parekatua izan zuten. Bigarren zatian lehen zatiko dinamikari jarraipena eman zioten, eta bi taldeek ezin izan zuten alde nabarmena lortu. Azken minutuetan, bi entsegu lortu zituen Zaisa Txingudik baina ezin izan zuen Uni Bilbo mendean hartu (40-39).
Harrobiko taldeek garaipenak lortu zituzten Gernika/Arratikoren aurka. 18 urtez azpikoen partida berezia izan zen, eta puntuak Plaiaundin mantentzea lortu zuten (38-19). Partida hasi aurretik Karlos de la Fuente udan zendutako jokalari ohia eta entrenatzaileari omenaldi hunkigarria egin zioten. 14 urtez azpikoek lagunarteko jardunaldia izan zuten Eibar/Arrasate eta Riojaren aurka, Logroñon.

