Bidasoa eta Kabugaren 50 urteko elkarlana, Palmera Monteron
Behar Bidasoa elkartearen 50. urteurrenaren harira, Ruandako hiriarekin izandako elkarlanaren argazkiak bildu dituzte; hilaren 27ra arte, ikusgai.
1976an, Jose Ramon Amunarriz misiolari irundarra Ruandako Kabuga hirira heldu zen bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko asmoz. Aurten, 50 urte bete dira eta Behar Bidasoa elkarteak urteotan egindako elkarlana iruditan bildu du. Hilaren 27ra arte, lankidetzaren mugarriak jasotzen dituen erakusketa ikusgai egongo da Palmera Monteron. Hainbat dira Kabugan egindako proiektuak eta egitasmoak.
Ibilbide honetan, Behar Bidasoak Kabugako hezkuntza, ur hornidura, etxebizitza, emakumeen ahalduntzea eta komunitatearen garapena aurrera eramateko zenbait proiektu egin ditu. Beti, bertako pertsonak eta istorioak erdigunean jarrita. “Pertsona askoren inplikazioari eta urte hauetan guztietan mantendu den konpromisoari esker eraikitako bidea da”, azaldu dute.
Hamar paneletan bereizita, lankidetza eta elkartasuna duten balioa agerian jartzen du erakusketak. Pertsonen eta komunitateen arteko konpromiso partekatuak sortu, aldaketak bultzatu eta etorkizun hobea eraiki, horiexek dira erakusketaren helburuak. Baita Kabugako errealitatea erakustea ere.
Erakusketaz gain, webgune osagarri bat martxan jarri dute, 50 urte hauetako historia sakonago ezagutzeko.

