Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunerako egitarau zabala antolatu dute
Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren harira, haurrentzako jardueren egitarau oparoa antolatuko dute, 'Sortu eta disfrutatu, eskubideak baliatu' lelopean.
Irungo haur eta nerabeek egun handia izango dute hilaren 20a. Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren harira, jardueraz beteriko egitaraua antolatu dute Sortu eta disfrutatu, eskubideak baliatu lelopean. GazteARTEan zerbitzua eta Txikis del Bidasoa elkarteak kontzertua, ikuskizuna, hitzaldia eta haurtxoko zein gaztelekuetan jarduera bereziak antolatu dituzte hilabete bukaera bitarte.
Gaur egitarauaren aurkezpena egin dute Zabaltza plazan, eta bertan izan da Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkaria. “Egun honek gogorarazten digu umeek eta nerabeek eskubideak dituztela, eta gizarte osoaren ardura dela haien ongizatea, babesa eta garapena bermatzea. Umeak eta nerabeak ez dira gizartearen etorkizuna soilik, oraina ere badira”, adierazi du.
Eguna hilaren 20a bada ere, jarduerak hilabete amaierara arte luzatuko dira. Esaterako, datorren ostiraletik aurrera, hilak 13, ostiralero haurrentzako kultur jarduerak antolatuko dituzte CBAko IrekiArt gunean. Datorren ostiralean, Txikirock: euskal rockari errepasoa antolatuko dute hainbat instrumentu jotzen ikasteko, 17:30ean hasita. Sarrera doakoa izango da, eta Kortatu, Itoiz, Hertzainak, Zea Mays eta bestelako taldeen abestiak uztartuko dituzte. Tailerra amaitzean, Skola Musik elkarteak kontzertua eskainiko du 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.
Azaroko azken ostiralean, hilak 27, La Curiosa konpainiak Texturas ikuskizuna eskainiko du. 360 graduko ikuskizuna izango da, 0 eta 5 urte arteko haurrentzat. Mundua deskubritzeko eta ikusmenaren, entzumenaren eta ukimenaren bitartez testurak esploratzeko sortu dute. Zuzeneko irudiak proiektatuko dituzte lurrean, musika eta mugimenduez lagunduta. Bi saio eskainiko dituzte 17:00etan eta 18:30ean, eta saio bakoitzak 35 minutuko iraupena izango du. Sarrerak udal webgunean eros daitezke.
Familia ta lagun programak beste saio bat izango du hilaren 21ean, larunbatarekin. Oraingo honetan, magia izango du oinarri eta udal webgunearen bitartez izena eman beharko dute.
Gurasoentzat, hitzaldia
Egitarauaren protagonistak haurrak eta nerabeak diren arren, hilaren 19an gurasoentzako hitzaldi bat antolatuko dute CBAn. 17:30ean hasita, Carlos Gonzalez pediatra eta idazleak haurren loaren mitoak eta gomendioak izango ditu mintzagai. Dagoeneko hitzaldirako sarrera guztiak agortu dira. Arrakasta ikusita, udalak streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko die CBAko IrekiArt aretoan, eserlekuak bete arte.

