Gipuzkoako Okindegien hitzarmenaren negoziazioan benetako edukiak eskatu dituzte Pasquierreko langileek
ELAk elkarretaratzea egin du Pasquierreko egoitzan sektorearen beharrei erantzuteko benetako borondate eza salatzeko.
Gipuzkoako okinak haserre daude. ELA sindikatuak elkarretarretaratzea egin du gaur Pasquierrek Irunen duen egoitzan. Bertako langileek Gipuzkoako Okindegien Hitzarmenaren “benetako edukiak” txertatzea eskatu diote patronalari. ELAk hitzarmen duin baten bidean aurrerapausoak ematea eskatu du, aurreko hitzarmena iaz amaitu baitzen. “Ez dago benetako borondaterik sektorearen beharrei erantzungo dieten edukiak adosteko”, adierazi du sindikatuak.
“Patronala KPIari soilik lotutako igoerak eskaintzera mugatzen da. Lanaldi murrizketa eraginkorrak eta sektorearentzat lan baldintza duinak bermatzeko neurri eraginkorrak baztertzen dituzte”. Patronalak zuzenean seinalatu dituzte, sektorearen krisiaren pisua langileen lan baldintzen gain era sistematikoan erortzen baita.
ELAk uste du langileen soldatak defendatzea lehentasuna izan behar duela. Halare, sindikatuak gehitu du lan baldintzak hobetzeko jauzi kualitatibo bat eman behar duela patronalak. Txandaka aritzen diren langileen kasuan, 1.726 orduko lan ordutegia murriztea, larunbatak arautzea eta atseden-egun gehago ezartzea eta esfortzu horri egokitutako ordainsaria bermatzea eskatu dute. “Lan-egutegiei, lizentziei eta familia-eredu berrietara egokitutako baimenei dagokienez, hitzarmenean hobekuntza zehatzak txertatu behar dira”, azaldu dute.
Datorren bilera azaroaren 12an izango da, eta bilera horri begira “benetako edukiak” zehaztea exijitu dio ELAk patronalari. “Langileek ez dute onartuko lan prekarietatearen kontura irabazi marjinak mantentzea Gipuzkoako okindegietan hitzarmen justu bat lortzeko”.

