Datorren igandean basoen zaintzarako jardunaldia antolatuko dute
Basotik Fundazioak Real Sociedad Fundazioarekin batera, Basozaindariak programako lehen jardunaldia antolatuko du Eguzkitza ikastetxean.
Basotik Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak Basozaindariak proiektua martxan jarri dute. Lehenengo jardunaldia datorren igandean, hilak 15, izango da Irunen. Eguzkitza ikastetxean elkartuko dira, eta basoen zaintza eta tokiko biodibertsitatearen kontserbazioa bultzatuko dute, herritarren partaidetza aktiboaren bitartez.
Jardunaldiaren abiapuntua habia kutxa eraikitzea izango da, eta horretarako bi txanda antolatuko dituzte ikastetxean bertan. Lehenengo txanda 09:30etik 12:45era izango da, eta bigarrena, 10:30etik 13:45era. Txanda bakoitzean hegaztientzako babeslekuak eraikiko dituzte, eta behin horiek muntatzen bukatzean, parte hartzaileak ingurune naturalera joango dira horiek jartzera. Hamabost minutuko oinezko ibilbidea egin beharko dute habia kutxak kokatzeko. Ibilbidea zailtasunik gabekoa izango dela argitu dute.
Jardunaldia amaitzean, mokadutxoa eta edaria esakiniko diete parte hartzaileei. Ingurune naturalera joateko autobus zerbitzua izena ematearen barne egongo da, eta gainera, opari gisa, Basozaindariak programaren kamiseta bana oparituko diete parte hartzaileei.
Plazak mugatuak izango dira, eta horregatik, izena eman beharko dute esteka honen bidez. Gogorarazi dute jarduera hau egiteko ez dutela zertan aurretiazko esperientziarik edo ezagutza espezifikorik izan.

