Behobia-Donostiak trafiko aldaketak eragingo ditu igandean
Hiriko hainbat tokitan trafiko etenak eta aldaketak izango dira igande goizean zehar, 06:30etik 14:00etara iraungo dute trafiko eteteak.
Etzi, hilak 9, Behobia-Donostia lasterketaren 61. edizioa izango da. Behobiatik hasi eta Donostiara bitarteko 20 kilometroko ibilbidea egin beharko dute milaka korrikalarik. Lasterketa dela eta, 06:30etik 14:00etara trafiko eteteak eta aldaketak izango dira hiriko hainbat tokitan. Lasterketa Juan Thalamas Labandibar etorbidean hasiko da urtero legez, horrek Osinbiribileko biribilgunetik Behobiako biribilgunera arteko trafikoa moztea ekarriko du.
Goizean zehar, Behobiarantz zein Nafarrorantz joateko Artiga eta Blaia ibilbideak eta Gazteluzahar eta Lastaola kaleak erabili beharko dituzte. Donostiara joateko, berriz, AP-8ko Behobiako sarrera erabiltzea gomendatu du udalak. 06:30etik 08:00etara eta 11:30etik 14:00etara bitartean, Zaisa III industrialdeko barrualdetik sartu ahalko da Blaiako hilerrira arte, Juan Vollmer plazara, Urdanibia plazara eta Junkal kalera joateko. Leku horietatik, Iparralde hiribidera, Stadium Galeko biribilgunera eta GI-636 errepidera sar daiteke, edo AP-8 autobidera sartu Kateako sarreratik. Bestalde, Behobiako biribilgunetik AP-8eta N-121-A errepideak lotzen dituen biribilguneko tartea 08:00etatik 11:30era itxita egongo da.
Erdialdean ere eragina izango du lasterketak. Kolon pasealekuko eta Gipuzkoa hiribideko bi noranzkoak moztuta egongo dira 07:30ak eta 08:00ak bitartean, eta 09:00etatik 13:00etara. Geltokiko kalea Anaka kaleko bidegurutzeraino ere moztuta egongo da, 07:30etik 10:30era. 09:00etatik 13:00etara, Nafarroa, Gipuzkoa eta Elizatxo hiribideetan, Molino errepidean eta Letxunborro hiribidean (suhiltzaile-etxetik Ospitaleko biribilguneraino) trafikoa etenda egongo da.
Aldaketa hauek direla eta, hiria bitan banatuta geldituko da goizean. GI-636 errepidearen eremutik Olaberria, Katea eta inguruko kaleetara joateko ibilgailuek aukera bakarra izango dute: Junkal kalea. Anbulantziek, aldiz, GI-636 eta AP-8 errepideetatik joateko aukera izango dute, eta Oinaurren edo Behobian atera. Alderantzizko bidea egiteko Junkal karrika erabiliko dute Nafarroako hiribidearen azpitik zeharkatzeko. Beste aukera, Gabiria industrialdetik Arasoko biribilgunera Behobiako noranzkoa hartzeko. Desbideraketa behar bezala seinaleztatuko dute.
Aparkalekuak, taxiak eta autobus zerbitzua
Kolon pasealekuko zein San Juan plazako aparkalekuetan 09:00etatik 12:30era sarbide aldaketak izango dira. Koloneko aparkalekuan kasuan, José Ramón Agirretxe, Joaquín Gamón (kontrako noranzkoan), Pikoketa eta Artaleku karriketatik atera beharko da. San Juan plazakoaren kasuan, Prudencia Arbide kalea erabili beharko dute. Mendibilekoak ez ditu aldaketarik izango.
Taxi zerbitzuari dagokionez, Genaro Etxeandiako, Geltokiko kaleko (10:00ak arte) eta Jose Ramon Agirretxe kaleetako taxi geltokiak kenduko dituzte, eta Beraketa kalera lekualdatuko dute.
Irunbuseko lineatan aldaketa ugari izango dira. L1 eta L2 lineak 07:30etik 13:00etara ez dira erabilgarri egongo. L3 San Juan-Artia lineak 09:00etatik 14:00etara ohiko ibilbidea aldatuko du, eta Arbes-Artia ibilbidea egingo du 30 minutuko maiztasunarekin. L4 San Juan-Antzaran-Olaberria lineak 30 minutuko maiztasuna izango du Arbes-Olaberria ibilbidea egiteko, 07:45etik 14:00etara. Aldaketa guztiak ohiko kanaletan helaraziko dituzte.

