A11ko greba orokorrean mobilizazio jendetsua egingo dute Bidasoaldean
'Etxebizitza eskubidea bermatzeko espekulazioari ez' lelopean kalera aterako dira, mobilizazioaren xehetasunak azaltzeko prentsaurrekoa egin dute Zabaltza plazan.
Egun gutxi batzuk falta dira herritarrek etxebizitzen alde kaleak hartzeko. Azaroaren 11 greba orokorraren eguna izango da. Etxebizitza sindikatuek eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak mobilizazio bateratuak deitu dituzte, etxebizitza eskubideen alde eta espekulatzaileen kontra. Goizean, Donostian egingo dute mobilizazioa, 12:30ean Pio XII plazatik hasita. Arratsaldean, berriz, eskualdetako manifestazioen txanda izango da, eta Bidasoaldean 18:00etan egingo dute Zubimuxu biribilgunetik (Mendelu eta Hondarribia kalea) San Juan plazara. Atzo, greba orokorraren aurrerapena eta mobilizazioaren xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuten Zabaltza plazan.
Bertan, Bidasoaldeko greba batzordearekin batera hiriko sei auzo elkarte izan ziren. Horiek mobilizazioekin bat egingo dute, eta datorren asteazkenerako antolatutako egitaraura atxikitu dira. Auzo elkarteek adierazi dute etxebizitzen auziak “egiturazko arazoak” sortzen dituztela auzoetan. Hiru aldarri aterako dituzte kaleetara: espekulazioa debekatzea; espekulatzaileak desjabetzea; eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langile klasearen beharren araberakoa izatea.
“Etxebizitza eskubide bat izatetik urrun, espekulazioan eta errentsimoan oinarritzen den negozioa da. Gaur egungo egoera sostengaezina da, eta lotsagarria da XXI. mendean arazo honek konpondu gabe jarraitzea. Langile klasea pobretzen ari den honetan, enpresarien eta espekulatzaileen irabaziak handitzen ari dira. Honen aurka borrokatzen ez badugu arazoa geroz eta larriagoa izango da”, azaldu dute.
“Bizitza propio bat eraiki nahi duzu, zure erabakiak hartu, zure espazioa izan, etorkizuna irudikatu”, nabarmendu dute. Horrek eragozpen argia dauka: etxebizitza. Etxebizitza bat eskuratzea ia ezinezkoa dela diote, “oso zaila zaigu bizitza duin bat izatea”.
Generoari dagokionez, emakumeek etxebizitza bat eskuratzeko arazo gehiago dituztela aipatu dute. “Emakume askok prekarietate handiagori, soldata apalegoei eta zaintza lanen zama desorekatuari egin behar diogu aurre”, azaldu dute.
Greba heldu aurretik hitzordu garrantzitsu bat izango dute asteburu honetan. Bihar, hilak 7, 12:00etan Zabaltza plazan elkartzeko deia egin diete herritarrei. Putreen espekulazioaren aurkako sormen herrikoia antolatu dute, eta herritar guztiak bertaratzea gonbidatu dituzte, haurrak barne.

