2027rako 37,5 milioi euroko aurrekontua, inoizko altuena, proposatu du udalak
Azaroko bilkuran erabakiko dira 2027ko aurrekontuak. EAJk hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean, eta alkateak dio udal taldeen iradokizun guztiak izan dituela kontuan.
Urtizberea eta Enparan, gaurko agerraldian. Hondarribiko Udala 2027ko prestakuntza betean da gaur egun. Baina urtea prestatzeko, aurrekontuak onartzea da lehen pausoa. Horregatik, Igor Enparan alkateak 37,5 milioi euroko aurrekontua proposatu die udal taldeei. Orain, alderdi politiko bakoitzak bere iritzia eman beharko du. Onartuko balitz, Hondarribian inoiz onartutako aurrekontu handiena izango litzateke.
Iaz 34.998.615 euroko aurrekontua onartu zen 2026erako, beraz, proposamen berria %7 handiagoa da. Udal talde bakoitzak bere proposamenak iragarri ditu azken asteotan, eta alkateak azaldu du iritzi guztiak aztertu dituela bere proposamena aurkezteko. “Proposamenak aurkeztu dituzten udal taldeen ekarpenak kontuan hartu ditugu, betiere aurrekontu orekatua aurkezteko betebeharra zainduz”, esan du Enparanek.
Azaroko osoko bilkuran erabakiko da aurrekontuak onartuko diren ala ez. Iaz, Abotsanitzen eta EH Bilduren aldeko botoekin egin zuten aurrera aurrekontuek, EAJ eta PSE abstentziora jo zutelarik.
Diru sarreretara begira, zergen bidezko diru bilketan ia milioi bat euro gehiago lortzea aurreikusten du udalak, guztira 17 milioi izanik. Horrez gain, hurrengo urtean estreinatuko den turismo tasarekin, 750.000 euro lortzeko helburua du udalak.
Diru sarrerak gora eginik, inbertsioei begira 4,6 milioi euroko partida kalkulatu dute. Udal langileen gastuetan 10,87 milioi euro joango lirateke, iaz baino %20,78 handiagoa den kopurua, eta horren aurrean udalak azaldu du igoeraren arrazoi nagusietako bat badela iaz ez zirela langileen soldatak igo. “Proposamenak 2026rako %2,5eko eta 2027rako %4,5eko igoerak jasotzen ditu, guztira %7ko eguneratzea. Horrez gain, udal zerbitzuen beharrizanei erantzuteko lanpostu berri batzuk sortzea ere aurreikusten da”, gehitu du alkateak.
EAJk, zazpi proposamen
EAJk aste honetan iragarri ditu haien proposamenak, 2027ko aurrekontuari begira. Zazpi jarduera planteatu dituzte udalaren aurrean, 359.500 eurokoak osotasunean. Kirolarekin, kulturarekin eta herriko gizarte bizitzarekin lotutako hainbat proposamen dira, jeltzaleen esanetan. “Hondarribia herri bizia da, kirol-, kultura- eta elkarte-jarduera handia duena. EAJtik aberastasun hori indartzen jarraitu nahi dugu, instalazio hobeak, espazio berriak eta urte osoan zehar gure herriaz gozatzeko aukera gehiago eskainiz”, esan du Maria Serrano jeltzaleen bozeramaileak.
Pump track zirkuitu bat eraikitzea proposatzen du EAJk, eta era berean, kirolarekin jarraituz, Hondartza Kiroldegia berritzea. “Proposamen nagusietako bat udal kiroldegiaren azterketa integral bat egiteko 30.000 euro bideratzea da. Azterketa horren bidez, instalazioaren egungo egoera aztertu eta datozen urteetarako berritze-plan bat zehaztu nahi da”, azaldu du EAJk.
Kultura arloan, erakusketa areto irisgarri bat alokatzeko eta egokitzeko proposamena jarri dute mahai gainean, horri 60.000 euro bideratuz. Besteak beste, 30.000 euroko partida bat proposatzen dute jeltzaleek, ludotekak eta aur txokoak ezartzeko bideragarritasun azterketa bat egiteko. Baita ere 35.000 euro Guadalupeko mahaiak eta bankuak berritzeko.

