Hondarbiko hizkera berreskuratzeko lanketa abian da
Hondarribiko hitzak, esamoldeak eta halakoak berreskuratzeko eta belaunaldi gazteenei transmititzeko proiektu berria aurkeztu berri du Hondarribiko Udalak: Guazemizia. Ttoparak, elkarrizketak eta sare sozialetako edukiak sortzen joango dira.
Hondarribiko hizkera ikertua, miretsia eta erabilia izan da, baina garrantzitsuena falta zaio: transmisioa. Hondarribiak eta euskarak geroz eta harreman okerragoa dute, datuek erakusten dutenez. Gazteek jakintza handiagoa dute, baina erabilera geroz eta txikiagoa da. Halere, jakintza hori euskara batuan oinarritzen da, hori da eta eskoletan irakatsitakoa.
Blagan euskara elkarteak transmisio falta horretaz konturatu eta aurrekontu parte hartzaileetan proposamen bat bota zuten: Hondarribiko hizkeraren inguruan, gazteenganako transmisio hori sustatzeko, proiektu berritzaile bat. Hori bera jarri du martxan orain Hondarribiko Udalak. Guazemizia izenarekin jarri dira AEKko Uxue Kriado eta Anitz Zapirain lanean, haiek irabazi baitute proiektua egiteko lehiaketa publikoa. “Gure euskarak baditu esamoldeak, hitzak, jada erabiltzen ez direnak. Horiek berreskuratzea dugu helburu, eta kasu askotan gaztelerara jauzi egitea ekiditea”, azaldu du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak.
“Proiektu honen xedea ez da liburu bat sortu eta apal batean uztea. Transmisioa da bilatzen duguna, eta beraz, beste modu batean enfokatu behar dugu hau”, azaldu du Lekuonak. Prozesu horretan Blaganeko kideak laguntzeko prest agertu dira, poztasunez hartu baitute haien proposamena proiektu bihurtu izana. Liburuxka arinak egiteko asmoa dute, beste hainbat egitasmorekin batera.
Txomin Sagarzazu, Ketxus Ponce eta Saioa Zabala aipatu ditu Zapirainek. Hiruak herriko hizkeraren eta hitzen inguruan ikerketak egindakoak dira. Beraz, badago oinarri bat, moldatu beharrekoa, irakasteko bideratu behar dena. Eduki horiek antolatzen dabiltza orain Kriado eta Zapirain. Hiru helburu dituztela aipatu dute AEKko kideek: “Dagoen lan horri balioa ematea, egileei aitortza egitea eta altxor hori herritarren eskura jartzea”.
Ttoparak, transmisioa bilatzeko
Azken egunetan, sare sozialen eta zehazki Instagramen bidez hasi dira lanean. “Zirikatze kanpaina batekin abiatu dugu proiektua, herriko jendearekin elkarrizketa azkarrak eginez eta grabatuz”, gehitu du Zapirainek. Argi dago gazteengana iristeko modurik zuzenena direla gaur egun sare sozialak, indargune handiena. Poriektuaren xehetasunak eta haiekin kontaktua Instagram bidez kudeatuko dituzte, @guazemizia kontutik.
Baina hizkera aurrez aurre transmititzen da, hitz egiten, elkarrizketak edukitzen. Horregatik, ttopara ezberdinak antolatu dituzte. Lehena urtarrilaren 30ean izango da. Bertan, egunerokoan Hondarribiko hitzak eta esamoldeak erabiltzen dituzten pertsonak, eta horiek ikasi nahi dituztenak elkartzea da asmoa, Itsas Etxean, pixkanaka transmisio hori eman dadin.

