Datorren larunbatean, elikadurarako eskubideari buruz topaketa egingo dute
Elikadura duin eta osasungarria abiapuntu, esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko topaketa antolatuko du Batuz Gizarte Fundazioak.
Elikadura izango da datorren larunbateko, hilak 14, protagonista. Batuz Gizarte Fundazioak elikadurarako eskubideari buruzko goizeko topaketa antolatuko du, Auzolan kaleko 44. zenbakian duten egoitzan. Bertan, elikatzeko beste modu batzuen gaineko hausnarketak eta esperientziak partekatuko dituzte hainbat jardueren bitartez. Goizeko 10:00etan hasiko da jardunaldia eta 14:00etan egingo duten herri bazkariarekin bukatuko da topaketa. Goizean zehar, hainbat hitzaldi antolatu dituzte.
Topaketan gai ugari landuko dituzte: elikadura duin eta osasungarrirako eskubidea, elikagaiak eskuratzeko aukerak, ekoizpen eta kontsumo ereduak, eta inguruan sortzen eta garatzen ari diren alternatibez hitz egingo dugu. “Elkarri inspiratzeko, ikaskuntzak partekatzeko eta loturak eta bide komunak aztertzeko goiza izango da”, adierazi dute antolatzaileek.
Lehen esan bezala, eguna herri bazkariarekin amaituko dute, irekia izango da. Bertan, elkarrizketak modu informalagoan jarraitzeko eta tarte atseginagoa pasatzeko aukera izango dela azpimarratu dute.
Jarraian, goizean zehar antolatuko diren jardueren egitaraua:
- 10:00 Ongi etorria
- 10:15 Paris 365, Kaleko Afari Solidarioak eta Astiro elkarteen arteko solasaldia
- 11:15 Kafea
- 11:45 Keras Buti, La Marmita eta Basajaun praktika inspiratzaileak
- 12:45 Lantaldea
- 13:45 Itxiera
- 14:00 Herri bazkaria

