Txenperenean aurrerapausoak emateko elkarlana azpimarratu du EAJk
Eusko Jaurlaritzak bi milioi euroko ekarpena txertatu du, aldundiak 4,5 milioiko inbertsioa aurreikusi du eta Irungo Udalak proiektuaren idazketa onartu du.
Aspalditik dago irundarren ahotan Txenpereneako proiektua. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak Txenpereneako proiektua errealitate bihurtzeko aurrerapausoak egin dituzte azken hilabetean. Hiru erakundeen 2027ko aurrekontuetan Txenpereneara bideratuko duten diru partidak jaso dituzte. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak bi milioi eurotik gorako ekarpena sustatu du, aldundiak 4,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du eta udalak proiektuaren idazketa kontratatzeko prozedura onartu berri du. Horren aurrean, EAJk hiru erakundeen arteko elkarlana azpimarratu du.
Era berean, Irungo EAJk Cristina Laborda alkatearen adierazpen biktimisten gaineko kexa adierazi du. Politika egiteko bi modu daudela azaldu dute. Batetik, Laborda erabiltzen ari dena: “Urteak eman daitezke beste erakundeen inplikazio falta salatzen eta proiektuaren “porrotaren” erantzukizun osoa haiei egozten”. “Etengabeko liskarraren eta erreklamazioaren estrategian kokatuta dago alkatea”, gehitu dute. Eta beste alde batetik, negoziaketaren bidea, “eseri, hitz egin, negoziatu eta lan egin erakundeek baliabideak konprometitu arte”. EAJk bigarren moduari eutsi dio, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zubiak eraikitzearen alde egin duela adierazi dute jeltzaleek.
Dinamika horri eustea ezinbestekoa dela diote, Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzea errealitate bihurtzeko. “Horrela, kirol kluben beharrei erantzun bat emango zaie eta espazio horren ingurumena berreskuratzen aurrera egingo dute”. EAJk elkarrizketaren, akordioen eta elkarlanerako borondatearen alde egiten jarraituko duela azaldu dute.

