Karlos de la Fuente omenduko du Txingudi Errugbi Klubak larunbatean
Plaiaundin elkartuko dira, sub16 eta sub18 taldeen partiden artean, 13:45ean. Klubeko jokalaria eta entrenatzailea izan zen de la Fuente, eta zoritxarrez, abuztuan zendu zen.
Karlos de la Fuente omenduko eta oroituko dute larunbat honetan Txingudi Errugbi Klubeko kideek. Urte askoz klubeko jokalaria eta gazteen entrenatzailea izan zen de la Fuente, eta miresmen handiz gogoratzen dute bertan. Horregatik, eta merezi duelako, haren inguruan elkartuko dira larunbatean, 13:45ean, sub16 eta sub18 taldeen partiden artean.
“Karlos urte askoz izan zen klubeko jokalari, gazte mailetatik hasi eta senior talderaino iritsi arte. Erretiroa hartu ondoren ere, bere ezagutza gazteekin banatzen jarraitu zuen, harrobiko taldeak entrenatuz. Osasun arazoek zeregin hau uztea eragin zioten duela denboraldi pare bat, baina ez zuen inoiz klubarekin eta bere jokalariekin zuen lotura galdu”, adierazi du klubak. Omentzeko elkartuko dira, baina jokalari ohiarentzat omenaldi onena gazteek jolastea izango litzatekeenez, bi partida izango dira larunbatean Plaiaundin.
Txingudiko sub16 eta sub18 taldeek Gernika-Arratiko taldeen aurka jokatuko dute. Seniorrak, aldiz, Hernanin (emakumezkoak) eta Bilbon (gizonezkoak) izango dira, biak 17:00etan. Sub14 taldeak urrun bidaiatu beharko du, Logroñora zehazki, Rioja eta Arrasate/Eibar taldeen aurka lagunartekoak jokatzera.
Hernaniko Landare zelaian Gipuzkoako eskolen topaketan parte hartu zuen Txingudik aurreko igandean, “Bidasoko eskolak duen osasun ona beste behin erakutsiz”. Sub 10 eta sub 12 mailetan, Bera Berako jokalariekin elkarlanean, hainbat plakaketa, entsegu eta korrikaldi egin zituzten Ibai, Julen, Liher, Erik, Isaac, Amets, Nathan, Suhar, Egoi, Aimar, Mattin, Ilargi eta Unaxek.

