Bidasoa ibilbideko zuloak konpontzen ari dira
Urte asko zeramatzaten zuloak bertan, eta euria egiten zuen bakoitzean putzuak sortzen ziren. Udalaren eskumena ez izan arren, lanak egitea erabaki du.
Urte asko ziren Bidasoa ibilbideko zorua, Miramar atzean, egoera kaskarrean zegoela. Hainbat zulo zituen bideak, eta euria egiten zuen bakoitzean, putzuak sortzen ziren. Urte askotan zehar herritarrek zuloak konpontzea eskatu diote udalari, eta orain, Hondarribiko Udalak lanei ekin die.
Lanak ostiralerako amaitzea aurreikusten dute, eta 33.792 euroko kostua aurreikusten da.
“Udalak urteak daramatza Kostaldeen Zerbitzu Probintzialari tarte horretan mantentze eta konponketa-lanak egiteko eskatzen, lurzoruaren titulartasuna erakunde horri baitagokio. Orain arte, ordea, ez da inolako jarduketarik egin, eta bidearen egoerak okerrera egiten jarraitu du”, adierazi du udalak. Udalak lanak bere gain hartzea erabaki du, neguak zoruaren egoera okertu dezakelakoan.
“Esku-hartze hau lehendabizikoa izango da, nahiz eta etorkizunean Udalak beste konponketa-lan batzuei ere aurre egin beharko diela aurreikusten den, udalaren eskumenekoak izan ez arren”.

