Irunen eta Hondarribian negozio berriak abian jartzeko dirulaguntzak eskainiko dituzte
Bidasoa Bizirikek 2.000 euroko dirulaguntzak eskainiko ditu enpresa proiektua martxan jartzeko; gazteek eta emakumeek zenbateko handiagoa jaso ahalko dute.
Bidasoa Bizirikek Irungo eta Hondarribiko Udalekin batera, bi herrietan enpresa proiektu bat abian jarri nahi dutenentzat diru laguntzak eskainiko ditu. Horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak izango dira, eta Bidasoko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren barruan kokatuta daude. Jardueraren lehen urratsak errazteko eta negozio plana garatzeko 2.000 euroko dirulaguntzak eskainiko dituzte. 18 eta 30 urte bitarteko gazteen kasuan zein emakumeen kasuan zenbatekoa handiagoa izango da, hain zuzen, %15a gehitu beharko zaio.
“Negozio bat abian jartzeko baliabideak behar dira, baina baita erabakiak hartzeko orientazioa eta laguntza ere. Programa honen bidez, Irunen eta Hondarribian enpresa-proiektu bat duten pertsonek lehen urratsak gertuko laguntzarekin eta aurrera egiten lagunduko dieten tresnekin eman ahal izatea nahi dugu”, adierazi du Nuria Alzagak, Bidasoa Bizirikeko presidenteak.
Deialdia edozein jarduera sektoretan enpresa proiektu bat zehaztuta duten sustatzaileei zuzenduta dago. Parte hartzeko baldintza bakarra langabezian egotea eta zerbitzu publikoan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea da. Interesa duenak ostiral honetan, hilak 6, Bidasoa Biziriken egoitzan egingo den informazio saiora joan beharko du. Bertaratzea konfirmatzeko aldez aurretik 943 50 95 84 zenbakira deitu beharko dute edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera idatzi.
Dirulaguntzez gain, parte hartzen dutenek lau hilabeteko prestakuntza prozesua izango dute enpresaren proiektua aztertzeko eta balioztatzeko. Prozesuan zehar, aukeren identifikazioa, merkatua balioztatzea, finantza plangintza, marketina eta komunikazio digitala landuko dituzte. Eduki horiek banakako tutoretzen eta taldekako tailerren bitartez garatuko dituzte. Metodologia praktikoa edukiko du: benetako kasuak landuko dituzte eta profil desberdinetara egokitutako tresna digitalak, gidak eta txantiloiak erabiliko dituzte.

