FICABek badu kartela
Aurtengo kartela Juantxo Tolosa diseinatzaile irundarrak egin du, eta zinema, historia eta arkeologia uztartzen ditu; hilaren 16itk 21era izango da 26. edizioa.
Egun gutxi falta dira 26. FICAB zinemaldi arkeologikoa hasteko. Aurtengo edizioa, hilaren 16tik 21era izango da eta guztira 24 film proiektatuko dituzte. Gaur, hilak 3, aurtengo edizioaren kartela aurkeztu dute. Juantxo Tolosa Soroxarta estudioko diseinatzaile irundarrak sortu du aurtengo kartela, eta zinema, historia eta arkeologia uztartzen ditu. Aurkezpenean, Nuria Alzaga Kulturako ordezkaria, Melanie Dore FICABeko zuzendaria eta Ander Arrese Oiasso Museoko zuzendaria izan dira.
Guztira, 60 film aurkeztu dituzte aurtengo ediziorako, eta horietatik 24 hautatu dituzte egunotan proiektatzeko. Sail ofizialean eta hezkuntza sailean proiektatuko dituzte, eta berritasun gisa aurkezpenean aipatu dute Frantzia, Italia edota Txileko filmak hautatu dituztela, euren kalitate eta interes handiagatik. “FICABek balio berezia du, historia eta ikerketa arkeologikoa herritarrei hurbiltzen baitizkie zinemaren bidez. Historiarekin eta arkeologiarekin dugun harremana, Irungo ondarearen eta nortasunaren parte dira. Historiarekiko, zinemarekiko edo, besterik gabe, zerbait berria aurkitzeko jakin-mina duten pertsona guztiei irekitako zinemaldi bat da”, nabarmendu du Alzagak.
Amaia KZn hiru proiekzio saio antolatuko dituzte. Goizeko saioa hezkuntza sailari dagokio eta 17:00etan zein 19:00etan egingo diren saioetan sail ofizialeko filmetarako izango dira. Gainera, Donostiako Aquariumean ere urpeko arkeologiari buruzko saioa egingo dute. Festhome plataformaren bidez, edizio honetako film guztiak online ikusteko aukera izango dute, jaialdiak irauten duen egunetan.
Amaia KZko proiekzioetara joateko gonbidapenak eskuratu beharko dituzte udal webgunean edota Luis Marianoko turismo bulegoan, ostiraleko 10:00etatik aurrera. Amaia KZko leihatiletan ere sarrerak eskuratzeko aukera egongo da, saioa hasi baino lehen.
Arkeologiako adituak, epaimahai
Aurreko urteetan bezala, epaimahaiko kideak ikus entzunezko baliabideen eta arkeologiako munduaren adituak izango dira. Lourdes Herrasti izango da epaimahaiaren burua, eta berarekin batera, Beatriz Agramonte, Valentina Porcheddu, Giorgio Studer eta Mertxe Urteaga izango dira.
Zinemaldiko sari nagusia 2.000 eurokoa izango da. Bestetik, 1.000 euroko beste bi sari banatuko dituzte: Ikusleen sari berezia eta Genero Ikuspegiko EITB saria. Azkenik, hezkuntza saileko sariaren irabazleak 7500 euro eskuratuko ditu.

