Arkeologia baliatuz mintzatuko da bale arrantzaz Pia Alkain
Zumardikoak Elkarteak antolatutako hitzaldi bat emango du Alkainek asteazkenean, Obispo hotelean, gazteleraz, 19:00etan.
Badira Hondarribian hainbat monumentu, eskultura edota margolan, egunero ikusten dituenak hondarribiarrak, baina gutxitan ikertu edo miretsi dituenak. Kasino Zaharraren azpian, Sabino Arana kalearen hasieran, biribilgunean, bale arrantzaren omenean egindako eskultura bat ikusi daiteke paretan, bi ainguren artean. Bale arrantzak eta Hondarribiak harreman estua izan dute mendez mende, itsas herria izanik, sustengu ekonomikoa olatuen artetik zetorrelako.
Harreman hortaz mintzatuko dira asteazkenean Zumardikoak. Pia Alkain arkeologoak emango du hitzaldia, gazteleraz. Ternuaren eta Hondarribiaren arteko lotura ekonomikoa eta merkataria azalduko du Alkainek, baina arkeologia izango du oinarri. Obispo hotelean izango da, asteazkenean, hilak 4, 19:00etan. Urte asko eman ditu Alkainek arkeologiaren bidez Hondarribia ikertzen. Berea da adibidez Hondarribiko Erdi Aroko harresiaren inguruko ikerketa eta liburua, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin argitaratutakoa. Urtez urte lortutako jakinduria gaur egun turismo gidak egiteko erabiltzen du, Bidatour proiektuarekin.

