Burdin Aroko hilobiak azaleratzen Jaizkibel barrena
Urteak daramatza Aranzadik Jaizkibelen indusketa lanak egiten, duela 3.000 urte inguruko harrespilak azaleratzen. Brontzezko Aroaren amaieran sorturiko hilobiak dira.
Jaizkibel V harrespilan laserrak erabili zituen Aranzadik, hiru dimentsiotako irudikapena egiteko. Aranzadi Ez dira gutxi Jaizkibelera igo eta harriak begiratzen jartzen direnak. Askok pentsatuko dute zertan ari ote diren, baina begiratzen dutenek badakite zer ari diren begiratzen. Jaizkibel V izan da eremu megalitiko famatuena azken urteetan, eta mendizaleen begirada guztiak bereganatzen ditu. Duela 3.000 urte inguru sorturiko hilobi bat da, eta ez da bakarra. “Askotan Ingalaterraraino joaten gara chromlechak ikustera, baina ez gara konturatzen hemen ere baditugula, eta balio berberekoak direla”, azaldu du Manu Zeberio Aranzadiko arkeologoak.
Harrespila edo mairu baratze bezala ezagutzen dira Euskal Herrian, eta zazpi lurraldeetan daude. Jaizkibelen hainbat aurkitu dira, eta Aranzadi Zientzia Elkarteari esker, gehiago ari dira azaleratzen. Zirkulu forma dute, eta harriz osaturikoak dira. Brontze Aro bukaerakoak dira, Burdin Aroan erabilitakoak, eta bertan, harriz inguratuta, tumulu bat sortzen zuten, hildakoa erre ondoren, bertan lurperatzeko. “Tumuluak egun ez ditugu ikusten, apaltzen joan direlako”, esan du Zeberiok.
Orain ere lanean ari dira, zehazki Jaizkibel II eremuan indusketa lanak egiten. “Normalean ez ditugu gorpuzkiak aurkitzen. Kasu honetan erre egiten zituzten, eta ondoren, errauts horiek ez dira aurkitzen”. Errautsak eta hezurrak deskonposatu egiten dira lur askotan, eta hainbeste urte igaro ondoren, zaila izaten da horrelako aztarnak aurkitzea. “Kontuan hartu behar dugu ere agian zenotafioak direla, hau da, hutsik dauden hilobiak direla, norbaiten omenean eraikiak”.
Harrespilak beti zirkulu formakoak egiten zituzten, ondoren erdian tumulu bat eraikitzen zuten-eta. Jaizkibel V harrespilan, adibidez, ikus daiteke nola zirkuluan, parez pare, bi harri handiago kokatu zituztela garaikoek. “Batzuetan harriak ere landu egiten zituzten, zutik geratzeko, baina ez beti”, esan du Zeberiok. Trikuharriekin alderatuz, berriagoak dira mairu baratzeak, trikuharriek 6.000 urte izan ditzakete-eta. Jaizkibelen aurkitu dira ere trikuharrien aztarnak. Baina funtzio berdina partekatzen zuten bi elementuek, hilobiak baitziren biak.
Zeberiok azaldu du bost monumentu ezagutzen zirela duela bi urtera arte Jaizkibelen, eta orain, Aranzadiren ikerketei esker, beste zazpi aurkitu dituztela. “Horrez gain, aurten egin ditugun lanekin, beste bi berri aurkitu ditugu. Osotasunean hamalau dira aurkitutako harrespilak”, azaldu du. Aurkitzerako momentuan, Aranzadiko zientzialariek zirkulu forman dauden edo egon daitezkeen harriak antzematen dituzte. Baina milaka urte pasa direnez, mairu baratzeen zatirik handiena lur azpian dago, lurrak eta belarrak estalita. Horregatik egiten dituzte indusketa lanak, harrespilak osotasunean ikusteko, eta horrela, horiek ikertzeko. Dena agerian uzterakoan hurrengo pausua lehengoratzea izaten da, harriak zutik jarriz, duela 3.000 urteko gizakiek jarri zituzten moduan finkatuz.
Gizakiak suntsitutakoak
2015. urtea inflexio puntu bat izan zen Jaizkibelgo eremu megalitikoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak paradore ondoko lurretan garbiketa lanak egiterako makinaria handia sartu zuen bertan, eta 2015ean Aranzadik frogatu zuen makina horiek hainbat aztarna arkeologiko hautsi zituztela, ez soilik haien mugimenduekin, baita haien pisuarekin ere. “Haiek zioten ez zela ezer gertatu, baina gure indusketari esker baieztatu zen harrespila bat puskatu zela”. Harrezkeroztik, hainbat izan dira lanak, eta horrela, geroz eta hilobi gehiago aurkitu dituzte.
Baina mantentze lanetako makinak ez dira aztarnak suntsi ditzaketen bakarrak. Jaizkibelgo paradorearen lanak edota Hondarribitik Lezora eta Pasaiara doan errepideak auskalo azpian zeuden monumentu historikoak suntsitu ote zituzten. Zeberiok argitu du lehen obrak egiteko ez zela aurretik ikerketarik egiten, bertan aztarna arkeologikorik zegoen edo ez jakiteko, eta orain hori aldatu egin dela. Baina era berean, Aranzadiko kideak adierazi du oraindik asko dagoela ikasteko. “Lehen agian harri handi bat aurkitzen bazen, edo bertan zerbait idatzita baldin bazegoen ikertzen zen, baina orokorrean ez zitzaion kasu egiten horrelako gauzei. Gaur egun, adibidez, Hondarribiko harresien barruan obra bat egiterakoan, kontrol arkeologiko bat egiten da”.
Jaizkibel toki magikoa dela uste du Zeberiok. Oraingoz behintzat, goiko aldean aurkitu dira bakarrik hilobiak. Kostaldean edota hegoaldeko magalean ez dira halakoak agertu. “Lezo eta Pasaia aldera joanda ere ez ditugu horrelako eremuak aurkitu, oraingoz behintzat”, esan du Zeberiok. Balioan jarri beharreko eremuak eta monumentuak dira Aranzadiren ustez, eta era berean, Hondarribiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berdin pentsatzen dute, besteak beste indusketa proiektuak finantzatzen dituztelako.
Zeberiok uste du Jaizkibelgo eremuen ikerketa zientifikoen zabalkundea eta komunikazioa arlo garrantzitsuak direla, eta horregatik hitzaldiak, bideoak edota dokumentalak egiten aritu dira.

