Udal zergak eta tasak izoztea adostu dute Udal Osoko Bilkuran
Zergak eta tasak izozteaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) kolektibo berrietara zabaltzea onartu dute Osoko Bilkuran.
Irungo Udalak urriko Osoko Bilkura izan du gaur goizean. Bertan, udal zergak eta udal tasak izoztea onartu du udalak. Gainera, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) kolektibo berrietara zabalduko dutelako erabakia hartu dute aho batez udalbatzako taldeek. Kolektibo horien artean, guraso bakarreko familiak, etxebizitza bateko buru diren eta etxeko edota generoko indarkeria jasan duten pertsonak eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonak.
“Familia bakoitzaren atzean, errealitate propio bat dago. Diru-sarrera batzuk, inguruabar pertsonal batzuk eta erantzukizun batzuk. Eta udal gisa, gure betebeharra hori kontuan hartze da, horrelako neurriak hartzen ditugunean, herritarren ongizatean pentsatuz egiten baitugu”, adierazi du Nuria Alzagak, alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak. Gaia kudeatzeko erantzukizuna eskatu du, irundarrei ahalegin ekonomiko gehigarria noiz eskatu behar ez zaien jakiteko.
Horretarako hainbat faktore hartu dituzte kontuan, eta horien guztien artean, diru sarreren bilketak bilakaera positiboa izan duela azaldu du. “Hurrengo ekitaldirako aurreikusitako diru sarrera berriak daude, horien artean egonaldi turistikoen gaineko zergaren ondoriozkoak”, gehitu du.

