Lurraldebusen zerbitzuaren aldaketen berri emateko, batzarra
Azaroaren bukaeran sartuko dira indarrean aldaketa berriak, eta urriaren 1ean izandakoek sortutako kezkatik abiatutako negoziazioen ondorio izan dira.
Lurraldebusen autobus bat, Hondarribiko aireportuan.Gipuzkoako Foru Aldundia Kezka eragin zuten hondarribiarren artean Lurraldebusen zerbitzuetan urriaren 1ean indarrean sartu ziren aldaketek. Hainbat hondarribiarrek horren harira desadostasuna azaltzeaz gainera, aldaketa horiek birpentsatu eta atzera egiteko eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, tartean sinadura bilketa ere hasi zutelarik. Hondarribiko Udalak bere egin zituen aldaketa horiek zuzentzea eskatzen zuten ahotsak, eta negoziazio prozesua abiatu zuen aldundiarekin. Prozesu horren emaitzaren berri emateko batzarra antolatu du udalak, aldundiko ordezkariekin batera, azaroaren 3rako (astearterako), 18:00etan, Kultur Etxean. Urriaren 1ean izandako aldaketa horien nolabaiteko zuzenketaren azalpena egingo da topagunean. Azaro bukaeran sartuko dira indarrean lineen egokitzapen horiek.
Bilera irekia da asteartekoa, edonor joan daiteke. Azalpen zehatzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako teknikariek emango dituzte. Igor Enparan alkatea eta aldundian arlo horren arduradun den Azahara Dominguez diputatua ere han izango dira. Zuzenean emango diete hondarribiarrei zein aldaketa proposatu dituzten, eta herritarren zalantzak argitzeko tartea izanen da.
Izan ere, azken asteetan gaiari eusteko hainbat bilera egin dituzte Enparan alkateak eta Dominguez diputatuak. Mahaiaren gainean Bidasoaldeko autobus publikoen zerbitzua hobetzeko eskaerak eta proposamenak izan dituzte. Horiek adostu, eta xehetasunak eman nahi dizkiete herritarrei haien ezinegonari erantzuteko. Zentzu horretan, Enparanek eskerrak eman dizkio Dominguezi, “bileran parte hartzeko gonbidapena onartzeagatik, baita azken hilabeteotan udalak helarazitako eskaerei erantzuteko erakutsitako prestutasunagatik ere”.

