Egoera zaurgarrian dauden familiak laguntzeko programa martxan jarriko dute
8 eta 11 urte arteko umeak dituzten familientzat zuzendatuta dago programa; Baga klinikako hezitzaileek zuzenduko dute, Eguzkitza ikastetxean.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizaterako arloak egoera zaurgarrian dauden familiak laguntzeko programa martxan jarri du. Zehazki, egoera zaurgarrian dauden 8 eta 11 urteko haurrak dituzten familientzat zuzenduta dago, Lehen Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuak erabiltzen dituztenak. Batetik, hezkuntza eta hazkuntza gaitasunak, familia inguruaren babesa indartzea du helburu programa honek; eta bestetik, baliagarria izango da adingabeen ongizatean eta garapenean eragina izan dezaketen arrisku egoerak murrizteko.
Baga Klinikako hezitzaile eta psikologo bana parte hartuko dute, eta familientzako tresna praktikoak azalduko dituzte seme-alaben eguneroko beharrei aurre egiteko, eta euren garapena hobeto ulertzeko. Arauak eta mugak ezarriko dituzte seme-alaben jardueren gainbegiratzea hobetzkeo eta komunikazio positiboa sustatzeko.
Programa honetan hainbat gai jorratuko dituzte: komunikazio positiboa, diziplina eraginkorra eta etengabea, arauak ezartzea, estresa murrizteko eta haserrea kontrolatzeko estrategiak, arazoak konpontzea, negoziazio-trebetasunak eta substantzien kontsumoaren prebentzioa. Horiek guztiak banakako saioetan landuko dira. Programak bigarren atal bat ere izango du. Saio hauetan, eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak praktikan jartzeko aukera izango dute, jolas terapeutikoen eta rolak irudikatzeko dinamiken bidez.
“Gure arloan etengabe egiten dugu lan zaurgarritasun-egoerak prebenitzeko eta familiei laguntza eskaintzeko. Programa honen bidez, gure xedea da gurasoei zein seme-alabei baliabide praktikoak eskaintzea, euren komunikazioa hobetzearren, elkarrekiko harremanak indartzearren eta eguneroko zailtasunei aurre egin diezaieten. Funtsezkoa da prebentzioz jardutea, eta familiei laguntzea arazoak larriagotu baino lehen”, azaldu du Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Eguzkitza ikastetxean
Saioak Eguzkitza ikastetxean egingo dituzte, 15 egunean behin. Ordu eta erdiko saioak izango dira, eta 45 minutuko bi zati izango dituzte. Lehenengo zatian, gurasoekin eta adingabeekin hitz egingo dute banakako saioetan; eta bigarren zatian, berriz, beste familiekin elkartu eta solasaldi bateratu bat egingo dute. Guztira, hamasei saio antolatuko dituzte, eta zortzi-hamar familiarentzako lekua izango du programak.

