Do Re Ni, musikaren bidez garuna lantzen
Azaroren 2tik aurrera, gorputz perkusioan oinarritutako saioak antolatuko dituzte 65 urtetik gorakoentzat; Xabier Lizaso piano-jotzaileak zuzenduko ditu Kultur Etxean.
65 urtetik gorako hondarribiarrek perkusio musikaren bidez garunaren osasuna lantzeko saioak izango dituzte datorren astelehenetik aurrera, azaroaren 2tik aurrera. Do Re Ni egitasmoak gaitasun kognitiboak eta parte hartzaileen ongizatea sustatuko ditu, eta saioak Xabi Lizaso musikari eta piano-jotzaileak zuzenduko ditu. “Helburua ez da musika-irakaskuntza eskaintzea, baizik eta musikaren eta erritmoaren bidez garunaren jarduera sustatzea, gaitasun kognitiboak lantzea eta parte-hartzaileen ongizateari laguntzea”, azaldu du Josu Peña Gizarte Kohesioko zinegotziak.
65 urtetik gorako herritarrak animatu nahi dituzte, gaitasun kognitiboak lantzeaz gain, beste herritarrekin elkartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera ematen baitu. Gaur egun, 20 hondarribiarrek parte hartzen dute saioetan, eta publiko zabal batera heltzeko saio berriak jarriko dituzte martxan datorren astean.
Hamasei asteko iraupena izango du programak, eta astelehenero egingo dituzte saioak Kultur Etxean 12:00etatik 13:00etara. Interesdunak saioetara bertaratzearekin nahikoa izango dute izena emateko, ez dute aurretik formulariorik bete beharko.

