Bizitza beganoa deskubritzeko jaialdia izango da Be Veggie
Bihar eta etzi, beganismoaren epizentroa izango da Ficoba; 60 erakusmahai eta 30 jarduera izango ditu aurtengo edizioak. Gainera, datak aurreratu dituzte Beganismoaren Munduko Egunarekin bat egiteko.
Iazko Be Veggie jaialdia. Beganoak pozarren dira, asteburu honetan urteko hitzordua izango baitute Ficoban. 2026ko Be Veggie jaialdiak, aurten, datak aurreratu ditu, eta bihar eta etzi antolatuko dute azokaren edizio berria. Data aurreratzearen arrazoia igande honetan, azaroak 1, izango den Beganismoaren Munduko Egunarekin bat egitekoa izan da. Urtero legez, enpresa askoren erakusmahaiak izango dira pabiloitan banatuta, eta bakoitzak %100nean begetalak diren proposamen gastornomikoak izango ditu publikoak horiek dasta ditzan. Guztira, 60 erakusmahai izango dira aurten. Gainera, zuzeneko ikuskizun gastronomikoak eta bestelako jarduerak programatu dituzte bi egunetarako.
Bi eguneko egitaraua oparoa izango da beste urte batez, publikoak hamaika produktu begano probatzeko aukera izango du. Aurten, gainera, lehen pasaporte beganoa martxan jarriko dute, eta bertan bost erronka edukiko dituzte: Jan, Ekin, Zaindu, Entzun eta Ikasi.
Berritasunen artean, Ardor Fest antolatuko dute pikantea gustukoa dutenentzat. Meraki Gourmetek Gipuzkoako pikante lehiaketa antolatuko du, zapore handiko lehia izango dela adierazi du. Egun bakoitzean bi saio egingo dituzte. Tokiak mugatuak izango dira, eta horregatik aldez aurretik izena eman beharko dute webgunearen bitartez.
Bestalde, Berriketan espazioa prestatu dute hitzaldietarako. Bi egunotan, hainbat hitzaldi programatu dituzte, eta horietan kirola, nutrizioa, filosofia, artea eta komunikazioa izango dituzte hizketagai. Hitzaldietarako espazioaz gain, Sukaldean saioa antolatuko dute, eta kasu honetan, elikadura osasungarriko eta sasoiko produktuen proposamenak azalduko dituzte.
Asteburu honetan, dena ez da jana eta edana izango. Kirolak eta mugimenduak espazio propioa izango dute, eta aurten lehenengo aldiz, Aiora Blancok barre klasea zuzenduko du. Barreak indarra, pilatesa eta balletean inspiratutako erritmoak lantzen ditu. Adin guztietarako jarduera bat izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko dute. Musika ere ez da faltako eta Om Lila, Lucia Mauleon, Pilar Sanchez eta Aria abeslariek kontzertuak eskainiko dituzte.
Azokarako sarrera doakoa izango da, baina webgunearen bitartez eskuratu beharko dute gonbidapena. Txakurrekin sartu ahalko da. Jarduerak doakoak izango dira, baina kasu batzuetan aurretik esan bezala, izena eman beharko dute plazak mugatuak baitira. Bihar 10:00etatik 20:00etara zabalik egongo da, eta igandean, berriz, 10:00etatik 18:00etara.

