Bidasoaldeko Elkarte Feministak hainbat hitzaldi antolatuko ditu
Azaroa eta abendua bitartean, zazpi hitzaldi antolatuko dituzte Palmera Monteron; hitzaldietan, gai ugari jorratuko dituzte.
Bidasoaldeko Elkarte Feministak hainbat hitzaldi antolatuko ditu Palmera Monteron, azaroa eta abendua bitarte. Urte amaiera bitarteko egitarau zabala antolatu dute, eta zazpi hitzaldiotan gai ugari jorratuko dituzte luze eta zabal. Ahalduntze indibiduala dibertsitatearen eta intersekzionalitatearen ikuspegitik landuko dute.
Datorren asteartean, azaroak 3, Asha Ismael Hussein Dahirrek Cuerpos, culturas y derechos: una mirada exhaustiva a la mutilación genital hitzaldia eskainiko du, 18:00etan hasita. Azaroaren 14an, Nazioarteko Elkarte Feministen eta Eragile Sozialen topaketa egingo dute, 10:30etik aurrera. Hiru egun geroago, azaroaren 17an, Chaimaak feminismoaren ertzak azalduko ditu ikuspegi antiarrazial, testuinguratu eta deskolonizal batetik. Egun horretan, gainera, San Migelgo eta Artiako bizilagunen elkartearen egoitzan Figuras ocultas filmea proiektatuko dute, 16:30ean eta 17:00etan, hurrenez hurren.
Azaroaren 22an, Olatz Eizagirre Olaskoagak umetokia izango du hizketagai. Hitzaldia 17:30ean hasiko da, eta umetokiaren garrantziaz ariko da. Azaroaren 28an Naroa Gamazoren txanda izango da, eta 10:30etik aurrera hirigintza eta generoa lotzen dituen hausnarketa egingo du. Azkenik, abenduaren 5ean, ahalduntzearen eta ekonomia jasangarriaren gaineko saio berezia prestatuko dute.
Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, aretoa bete arte.

