Benetako garraio sistema publikoa eskatzeko elkarretaratzea egingo du Ernaik
Ostiral honetan, hilak 30, Irungo Ernaik elkarretaratzea egingo du San Juan plazan, 19:30ean; aldundiak. aurreko asteako "hobekuntzak" salatzeko.
Azken hilabetean, Lurraldebus irundar guztien ahotan egon da. Gipuzkoako Foru Aldundiak urriarren 1ean lineen aldaketak iragarri zituen Bidasoan eta Oarsoaldean. Aurreko ostiralean, berriz, Azahara Dominguez Mugikortasun sailburuak autobus lineen ordutegiak eta maiztasunak hobetuko dituela adierazi zuen. Irungo Ernaik haserrea adierazi du esandakoaren gainean, “lehendik zegoen zerbitzua berrezarri besterik ez dute egin”. Herritarrek bizi duten egoera salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan, hilak 30, San Juan plazan. Udaletxe aurrean elkartuko dira, 19:30ean.
Azkenaldian, Irun eta Hondarribia arteko lineak arazoak eragin ditu erabiltzaileen artean. Bi herrien arteko konexio duina eskatu dute, eta aurreko ostiralean azaldu bezala, E25 linean ez dutela maiztasuna handituko salatu du Ernaik. E21 ere aipatu dute, Hondarribiatik Donostiara doan zerbitzuak ere ez baitu aurretik zuen baino maitasun handiagorik izango azaroaren amaieratik aurrera.
“Garraio publikoaren arazoa ez da soilik Lurraldebusera mugatzen. Topoa 30 minuturo baino ez da iristen Hendaiara, eta, gainera, beti joaten da beteta. Txik Txak sareko autobusek ere 30 minutuko maiztasuna baino ez dute, eta prezioak oso garestiak dira”, adierazi dute. Irunbuseko L1 zerbitzua erabiliena da, eta azken hilabeteetan “saturatuta” dagoela gehitu dute.
Bestalde, Bortzirietara eta Lapurdiko herrietara joateko autobusetan ere aldaketak eskatuko dituzte. “Bi orduro baino ez dira pasatzen, eta Irundik Nafarroara joateko azken autobusa 18:30ean pasatzen da. Egoera horrek agerian uzten du eskualdean garraio publiko duin, eraginkor eta eskuragarria bermatzeko neurriak hartzeko premia dagoela”.
Hortaz, benetako garraio sistema publiko duin bat aldarrikatzeko arrazoiak badituzte, eta horiek mahai gainean jarriko dituzte ostiraleko elkarretaratzean.

