Beñat Elzo, herriaren babesarekin, aurrera
Hamaikagarrenez egingo dute Beñat Elzo mendi lasterketa igandean. Aurten, Mindara elkartera zuzenduko dira irabaziak, eta oraindik dortsala lortzeko aukera irekita dago.
Gogoz hartu du Hondarribiak Beñat Elzo lasterketa. Azaroko lehen egunean egiten den kirol probak herriaren babesa erakutsi du beste behin, eta geroz eta korrikalari gehiagorentzat egutegian gorriz markaturiko eguna bilakatu da. Hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa, eta hasieran bezala, izaera solidarioak bertan jarraitzen du.
Mindara elkartearentzat izango dira aurtengo irabaziak. Oso pozik agertu da Irati Amunarriz Mindarako kidea, lasterketak egindako gonbitagatik eta eskainitako laguntzagatik. “2011ean sortu zuen Mikel Eizagirrek Mindara elkartea, dibertsitate funtzionala duten Oarsoaldeko haur eta gazteak kirolera hurbiltzeko”, azaldu du Amunarrizek. Pala egokituarekin hasi ziren, baina hainbat kirol jorratzen dituzte egun. Igande honetan bertan izango dira, mertxana saltzen, Mindararentzat dirua biltzen.
Kirolean ez ezik, arlo sozialean ere eskua sartu zuen Mindarak duela urte batzuk, “behar bat” nabaritu zutelako. Gizakide proiektua sortu zuten, baina ez hori bakarrik, musikan, teknologia munduan eta kuadrillen aferan ere badute eta zer esan gaur egun, proiektu ezberdinen eskutik. “Kirola gauza garrantzitsua da, baina lagunak egiteko edota heldua izaten ikasteko beharra ikusten genuen”, gehitu du Amunarrizek.
Urtero moduan, hiru proba izango dira igandean. “09:00etan ibilaldiarekin hasiko gara, 11:00tan proba nagusia izango da, eta, azkenik, 12:30eak aldera etxeko txikiekin familia lasterketa egingo dugu”, azaldu du Maitena Elzok, lasterketako antolakuntzako kideak. Hiru proben artean 950 pertsonak hartuko dute parte, baina oraindik, bihar arte, badago dortsala eskuratzeko aukera. Azken orduko izen emateak Kofradiako dendan (San Pedro kalea 14) edo kirolprobak atarian egin daitezke.
Oso eskertua agertu da Elzo, lasterketak duen babesagatik eta laguntzagatik: “Udalari, Sportmundiri, Kofradiako langileei, paella egiten digutenei, gure boluntario guztiei eta korrikalariei eskerrak eman nahi dizkiegu, lasterketa hau denon lana da eta”. Begi bistakoa da herriak Beñat Elzo lasterketa urtez urte babesten duela, eta kirolaren alde egiten duela.
Elkartasun ariketa
Lupe Queiruga Kirol zinegotziak argi du Beñat Elzo ez dela lasterketa bat soilik, “memoria eta elkartasun” ariketa bat bada bere ustez. “Hau ez da erlojuaren edo asfalto hotzaren aurka egiten den lasterketa bat, bihotza duen lasterketa baizik. Bertatik igarotzen den txoko bakoitza giza olatu batean bilakatzen du”. Zinegotziak uste du Beñat Elzo mendi lasterketa badela komunitate bizi eta konprometitu baten islada dela, eta horregatik animatzen ditu herritarrak bertaratzera.
Antolakuntzaren barnean Sportmundi elkartea dago, eta haren izenean mintzatu da Juanan Garcia. “Guretzat gozamen handia da kirol jarduera solidarioak babesten jarraitzea, eta oso gustura gaude Beñat Elzo mendi lasterketan egiten dugun ekarpenarekin”. Sportmundi elkarteak kirola eta solidaritatea uztartzen ditu, hala nola urtez urte Hondarribiko San Silbestrea antolatuz.

