Aisialdiko begirale izateko ikastarorako izen ematea, irekita
Haur eta gazteen aisialdiko begirale izateko ikastaroa azarotik maiatzera izango da; izen ematea azaroaren 3ra arte luzatuko da.
Aisialdiko begirale izateko ikastaroetan izena emateko epea irekita dago, eta azaroaren 3ra arte luzatuko da. 1996 eta 2009 urteen artean jaiotako, eta Irunen erroldatutako, gazteentzat bideratutako ikastaroa izango da. Hezkide Eskolak irakatsiko du ikastaroak eta azaroaren 28tik maiatzaren 15a bitarte izango dira Martindozeneako gaztetxean, batez ere, larunbat goizetan.
Ikastaroa egiten dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako aisialdiko begirale titulua lortu ahalko dute, beti ere, ikastaroko moduluak gainditzen badituzte eta 18 urte badituzte. Bi zati izango ditu ikastaroak: batetik, 150 orduko arlo teorikoa; eta bestetik, 160 orduko arlo praktikoa. Ikastaroak, gehienez, 24 plaza eskainiko ditu, eta gutxienez hamar. Gainera, doako ikastaroa izango da. Teoria lantzeko 17 urte izan beharko dituzte, edo moduluaren hasierako urtean bete; arlo praktikoa egiteko, berriz, 18 urte izan beharko dituzte, edo modulua hasten den urtean bete.
Izen ematea udalaren webgunearen bitartez edo HAZen aurrez aurre egin beharko dute, gaurtik datorren asteartera, azaroak 3, bitarte.

