Lortu dute bolada txarra bukatzea
Arrasaten irabazi zuen Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldeak, horrela berriro ere garaipen bat lortuz. Zazpigarren kokatzen dira orain taulan, eta asteburu honetan oiartzuarren aurka izango dira etxean.
Orain bai, garaipenarekin itzuli ziren larunbatean Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldeko jokalariak etxera. Arrasaten izan zuten partidua, eta gol bakarra sartuta balio izan zien irabazteko, Mondragon taldearen aurka. Partidua baino lehen itxaropenak ez ziren onenak, Ion Arza bigarren entrenatzaileak azaldu duenez, hainbat lesionatu zituzten eta taldean, eta horrek gazte mailatik bi gazte igotzea eragin zuen.
4-2-3-1 batekin atera ziren berdezkoak zelaira, denboraldian lehen aldiz probatuz estrategia hura. Lehen zatia berdindua izan zen Arzaren ustez, baina hondarribiarrek nagusitasun puntu bat izanaren sentsazioa zuten atsedenaldian. “Badakigu 90 minutu asko direla, eta beti ibili behar gara kontu handiarekin. Hobeto ginela sentitzen genuen, baina esan bezala, beti kontuarekin”, esan du bigarren entrenatzaileak. Bigarren zatian arrasatearrak aukera gehiago izan zituzten, baina berdezkoek ez zuten atzera pausorik eman.
Gazte mailako bi jokalariek haien debuta egin zuten: Martin Lucas eta Julen Retegui. Ia azken minutoan, bere lehen partidua zuen Lucasek Michel Justinori pasea eman zion, eta azken honek gola sartu zuen, horrela 0-1 jarriz markagailuan. “Azken minutuetan haiek aurreratzen saiatu ziren, baina guk gure atea defendatzen jakin genuen, eta horrela bukatu zen partidua”.
Arzaren ustez hiru puntu oso garrantzitsu izan dira Arrasaten lortutakoak. “Berriro ere galduko bagenu agian jada putzuan sartuko ginateke, eta zaila da horrelakoetan burua altxatzea. Baina garaipen honekin zazpigarren postuan jartzen gara, beraz badugu oraindik borrokatzeko aukera eta gogoa”. Hamar punturekin geratzen da horrela Hondarribiko taldea, aurrean Beti Gazte lesakarrak dituelarik, 12 punturekin.
Arerio zaila
Asteburu honetan zortzigarren jardunaldia izango dute aurrean, eta etxean jokatzea tokatuko zaie, Ondartzan. Aurrean arerio zaila izango dute: Oiartzun. Laugarren postuan daude oiartzuarrak, eta maila ederra erakutsi dute denboraldiaren lehen zati honetan, lau partidu irabaziz, bi berdinduz eta soilik bat galduz.

