Bidasoa Txingudik tokiko hedabideetan euskara sustatzeko dirulaguntzen deialdia aurkeztu du
Egoitza eskualdean duten tokiko hedabideentzat dirulaguntzak dira; eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta azaroaren 22ra arte luzatuko da.
Bidasoa Txingudi Partzuergoak Behe Bidasoko tokiko hedabideentzako dirulaguntzen deialdia ireki du. Deialdian, egoitza eskualdean duten tokiko hedabideek parte har dezakete; alegia, euskarazko edukiak argitaratzen eta zabaltzen dituzten tokiko pertsona fisiko, enpresa edota erakundeei zuzenduta dago. Dirulaguntza hauen bitartez, euskararen erabilera soziala sustatu nahi dute, herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko.
Honekin, tokiko hedabideek egiten duten lana babestu eta euskarak tokiko hedabideetan duen presentzia indartu nahi du.
Eskaerak dagoeneko zabalik daude, eta azaroaren 22ra arte luzatuko dituzte. Interesa duten pertsonek eta erakundeek eskaera orria bete beharko dute, eta deialdiaren 1. eranskinean eskatutako dokumentazioa erantsi beharko dute. Eskaera horiek aurrez aurre edo telematikoki aurkezteko aukera izango dute.

