Beñat Muguruzak irabazi du 2026ko Jose Antonio Loidi Beka
'Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936)' lanaren xehetasunak abenduaren 2an aurkeztuko ditu CBAn, 18:00etan.
Jose Antonio Loidi Bekak badu aurtengo irabazlea: Beñat Muguruza. Ingeles filologia ikasi ondoren, hizkuntza jabekuntzaren gaino masterra egin zuen irundarrak. Urteak daramatza euskararen gaineko ikerketa lanak egiten, baita liburu bat ere Irantzu Epelderekin batera. Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936) ikerketa lanarekin irabazi du Juan Antonio Loidi Bekaren aurtengo edizioa. Irabazlea nor den argitu badute ere, Muguruzak abenduaren 2ra arte ez du bere lana aurkeztuko.
Lan honek XX. mendearen lehen herenean Irunen euskara nola gutxitu zen erakusten du, ia galtzera arte. 1900ean Gipuzkoako herri erdaldunenetako bat zen Irun, Lapurdirekin mugakidea zela ikusita. Faktore asko daude honen atzean; esaterako, aduana, trenbidea, imigrazioa… Hiritaratze prozesua azkartu heinean, landa eremuak ahuldu ziren. Horren gaineko ikerketa egiteko hainbat iturritara jo du Muguruzak datuak lortzeko: hiriko zentsuak, adinekoekin elkarrizketak… Modu kronologikoan garaiko errealitate sozial eta linguistikoaren argazkia egin du, momentuan momentuko aipu eta gertakizunak azpimarratuta.
“Garrantzitsua eta interesgarria da Irungo Udalak bere esku edukitzea horrelako ikerketa lan bat. Badakigu Irun euskalduna dela eta garai horretako analisiak jasotzea ezinbestekoa da jakiteko nondik gatozen”, azaldu du Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak.
Aurretik esan bezala, proiektuaren aurkezpena Euskararen Egunerako antolatutako egitarauaren barruan antolatuko dute. Abenduaren 2an izango da CBAn, 19:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da.

